Legazpiko Udala, Landaola Sarietarako hautagai, Arrobiko erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartzeagatik

Orain urte batzuk, Legazpiko udalak Arrobiko lur sailen berreskurapenari ekin zion, hainbat eragilerekin elkar lanean, besteak beste, Arrobiko ganaduzale Elkartea, Foru Aldundia eta Etorlur. Egun, gainera, eragile horiek Naturtzaindia elkartea eta Paisaia Fundazioarekin batera intereseko habitaten kontserbazio egoera hobetzeko lanak egiten ari dira.
Arrobiko erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartzeagatik izan da Legazpiko Udala Landaola Sarietarako hautatua. Landaola sariak, Federazioa osatzen duten 6 elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira, sari hauek landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu zirelarik.
Arrobiko proiektua
Eremu honen erabiltzaileekin (ganaduzaleekin) eta ondare naturalaren kontserbazioan lan egiten duten erakundeekin (Naturzaindia) batera garatutako plangintza baten garapenaren inguruan ari gara oraingoan. Eremuaren kontserbazioa eta abeltzaintza beharrak bateratzea dira kudeaketa honen giltzarria. Aizkorri-Aratz Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren periferiako eremuan dagoela kontutan izanda, honek dituen ezaugarriak eta balio naturalak kontserbatu eta hobetzea da helburua, betiere adostasunez garatuz.
Aurrez aipatu bezala, helburua habitatak babestea eta abeltzaintza tradizionalarekin uztartzea da, naturaren eta landa-jardueren arteko oreka bilatuz. Horretarako, ameztien azalera handitzea, larreak eta basoak hobetzea, espezie mehatxatuak babestea eta zohizkategiak berreskuratzea dira lan-ildo nagusiak. Ekimenak adostasuna eta elkarlana ditu oinarri, abeltzaintza eta ingurumenaren zaintza uztartu eta etorkizuneko babesguneetarako eredu izan nahi du.
Bukatzeko, Arrobi ganaduzale elkartearen auzolandegia, eta eremuaren zaintza ere aipatzekoak dira, gizarte onurari erantzunez, partikularki egiten dieten ekarpenekin, eta batik bat usadioz zenbait erabilera baztertzea adostuaz, hala nola, suaren erabilera, eta ganadu karga une eta garai jakinetan. Laburbilduz, Arrobin ganaduzaleen presentzia ere funtsezkoa da ingurumena eta kultura-tradizioak zaintzeko.
Sari banaketa martxoaren 14an egingo da Zumarragako azokan.