Legazpiko Ongi Etorri Gida berriaren aurkezpena ekainaren 13an

Udalak Legazpira bizitzera datozen herritar berriei zuzendutako Ongi Etorri Gida sortu du eta herriko Udal Zerbitzuak era erakargarrian jaso dira. Gida sei hizkuntzatan eskuratzeko aukera izango dute herritar berriek eta Udaletxera erroldatzera etortzen direnean eskura emango zaie. Online ere gida guztiak www.legazpi.eus web orrian eskuragarri egongo dira ekainaren 13tik aurrera.
Euskara ardatz izanik, elebitan aurkituko ditugu gidak, hau da: euskara-gaztelania, euskara-arabiera, euskara-urdu, euskara-errumaniera eta euskara-ingelesa, azken hau formatu digitalean soilik egongo da. Gidako informazioa osatu eta formatua aukeratzeko prozesuan udal teknikariek eta langileek parte hartu dute, gaur egun HAZen ikusten dituzten beharrei erantzuna eman nahian. Gidako azala ere berezia da eta mimo handiz egin du Libe Andueza ilustratzaile legazpiarrak.
Honen gorabehera guztiak eta gidaren harira garatu den proiektua ezagutzeko, aurkezpena buruko da ekainaren 13an, ostirala, arratsaldeko 17.00etan Udaletxeko batzar aretoan. Aurkezpena herritar guztiei irekia izango da.