Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko museo eta interpretazio-zentroak, Urola Garaiko bisitatuenak 2025ean

2026/01/21
Legazpiko museo eta interpretazio-zentroak, Urola Garaiko bisitatuenak 2025ean

2025 urtea albiste bikainarekin itxi du Legazpik: Lenbur Fundazioak kudeatzen dituen museo eta interpretazio-zentroak izan dira Urola Garaiko bisitatuenak, eskualdeko gainerako ekipamendu guztien gainetik kokatuz eta erreferente nagusi gisa sendotuz.

Eskuragarri dauden datu orokorren arabera, Legazpiko baliabide turistikoek 25.476 bisitari jaso dituzte 2025ean, kopururik handiena eskualde osoan. Joera hori ez da berria: 2024an ere Legazpi izan zen bisitari gehien jaso zituen herria, 25.064 bisitarirekin, eta, beraz, urte batetik bestera hazkunde txikia baina esanguratsua izan da.

Urola Garaiko museo eta interpretazio-zentro guztiak batuta, 55.371 bisitari zenbatu dira 2025ean, eta horietatik ia erdia Legazpira etorri dira, datu horrek argi erakusten du Legazpik eskualdeko turismo eskaintzaren barruan duen pisua eta erakargarritasuna.

Eskualdeko beste museo eta zentroekin alderatuta, Igartubeiti Baserri Museoa, Antioko Baseliza edo Urrelur interpretazio-zentroa, besteak beste, Burdin Haranak alde nabarmenarekin eutsi dio lidergoari, eta Urola Garaiko kultur turismoaren motor nagusietako bat dela berresten du.

Legazpiko Udaletik harrotasunez azpimarratu nahi dugu lorpen hau, Lenbur Fundazioarekin elkarlanean ondare industrialaren balorizazioaren alde egindako apustu sendoaren emaitza zuzena delako. Burdin Harana ez da soilik museo bat: Legazpiren historiaren, nortasunaren eta etorkizunaren erakusleiho nagusia da.

Legazpiren historia, burdina eta etorkizuna elkarrekin, eskualde osoaren begirada gure herrian jarrita.