Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko irudi korporatibo berriaren aurkezpenean herritarren parte hartzea eskertu du Udalak

2025/09/12
Legazpiko irudi korporatibo berriaren aurkezpenean herritarren parte hartzea eskertu du Udalak

Legazpiko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei atzo Azokan egindako ekitaldian izandako harreragatik eta parte hartzeagatik. Ekitaldian udalerriaren irudi korporatibo berria aurkeztu zen.


Udalak eskerrak eman nahi dizkie bereziki David Guerreiro lehiaketako epaimahaikideari, Gorka Gomez irudi berriaren sortzaileari sormen prozesuan partekatzeagatik, eta Jesus Castillejo eta Ainhoa Enatariagari musika zuzenean jartzeagatik, Ane Belokik sortutako testuarekin batera ekitaldia hain modu berezian itxi baitzuten. Era berean, Ane Belokiren lana aitortu behar da, gertutasun handiz gidatu baitzuen ekitaldia.

 

Poltsen banaketa

Ekitaldiaren amaieran Legazpiren irudi berriarekin poltsak banatu ziren. Bertaratzerik izan ez zutenentzat, datorren ostiralean, irailak 19, eguerdiko 12:00etatik 13:00era HAZen banatuko dira, hauek agortu arte. Pertsona bakoitzeko poltsa bat banatuko da. Txapak ere egongo dira.


Ekimen honekin, Legazpi modernoa, hurbila eta adierazgarria islatzen duen proiektuaren emaitza partekatzen jarraitu nahi du Udalak, eta hori posible egin duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie.