Legazpiko Bikuña Kiroldegiak ISO 9001 ziurtagiria lortu du kalitate kudeaketan

Legazpiko Bikuña Udal Kiroldegiak ISO 9001 ziurtagiria lortu du, bere zerbitzu eta prozesuen kudeaketan bikaintasuna egiaztatzen duen nazioarteko aitorpena, zerbitzu publikoaren kudeaketan eta kirol instalazioen mantentzean egindako ahalegina kalitate estandar gorenen alde aitortuz.
Ziurtapen prozesua baliagarria izan da ezagutza udal barruan sistematikoki jasotzeko eta hobetzeko aukerak identifikatzeko. Lan horrek bidea ireki du zerbitzuen kudeaketa eta kiroldegiaren mantentzea hobetzeko, betiere herritarren mesedetan.
Ziurtagiri emate ofiziala gaur goizean egin da, udaletxeko areto nagusian, AENOReko Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendari Gonzalo San Antonio Cledou jaunak (ziurtagiria eman zuen), Legazpiko alkate Eric Galvez eta kirol-arloaren ordezkari gisa Kiroletako zinegotzi Josu Galilea, Kiroletako teknikari Peio Garmendia, informatikaria Alberto Mella, Sonia Cecilia administraria eta mantentze-lanetako arduraduna den Jon Ander Jaka bertaratu zirelarik.
ISO 9001 araua kalitatea kudeatzeko sistemetan munduan gehien ezarritako estandarra da. Hori jasotzeak erakusten du kirol-zentroak irizpide zorrotzak betetzen dituela plangintzan, barne-antolaketan, erabiltzailearentzako arretan eta etengabeko hobekuntzan.
Lorpen honekin, Bikuña kiroldegia erreferentziazko instalazio gisa finkatzen da, eta herritarrei bermatzen zaie eskaintzen diren zerbitzuak, kirol-jardueretatik hasi eta instalazioen mantentze-lanetaraino, nazioartean onartutako kalitate-parametroen arabera kudeatzen direla.
Nabarmentzekoa da, 2024. urtearen hasieran, Legazpiko Udaleko Ekonomia eta Ogasun Zerbitzuak ere ISO 9001 ziurtagiria lortu zuela, eta horrek indartu egiten duela udalak kudeaketa publikoaren kalitatearekin eta hobekuntzarekin duen konpromisoa. Horrela, une honetatik aurrera bi sail dira ziurtatutako kalitate kudeaketa dutenak: Kirola eta Ogasuna.
Udalak azpimarratu du ziurtagiri hori lortzea beste urrats bat dela udal-zerbitzuen bikaintasunaren aldeko apustuan. Era berean, adierazi da aitorpen hau ez dela azken puntua, baizik eta hobetzeko konpromiso iraunkorra, herritarrei gero eta eraginkorragoa, seguruagoa eta beren beharretara egokituagoa den kiroldegiaz gozatzeko aukera emango duena.