Legazpiko azokak zorroztaile postu berria du

Jose Mari Albisu lazkaotarrak zorrozketa zerbitzuak eskainiko ditu ostiraleko azokan izango duen postu berrian. Labana, aizkorak, guraizeak edota matxetak zorrozteko zerbitzua eskaintzen du eta goizeko 8:00etatik eguerdiko 13:00ak bitartean Euskal Herria plazan egongo da ostiralero. Furgoneta zuri batean muntatuta du tailer txikia eta bertan ditu zorrozketa makina profesionala eta lanerako beharrezkoak dituen tresna guztiak.
Urte luzez, tximiniak garbitzen arituta eskarmentu handiko langilea da Albisu. Badira, ordea, hiru hilabete zorroztaile lanbidearekin ekitearen hautua hartu eta horretan plazaz plaza ari dela. Legazpikoaz gain Ordizia, Beasain, Urretxu edo Azkoitia herrietako azokatan aurkituko dugu. Sorpresa polita hartu du eta Legazpiko azoka dotorea dela aitortu du, hartara, bere lana ezagutaraztea eta herritarrei bere zerbitzuak eskaintzea du helburu. Azokatan postua izateaz gain bertatik-bertara baserrietara ere hurbiltzen da lanabesak zorrozteko; hala nola, igitaiak, aiztoak, aizkorak…
Lanbide berria ezagutzera emateko asmoz ari da Albisu eta horretarako beste hainbat bide eskaintzen ditu; www.zorrozketak.com webgunean lanen xehetasunak, prezioak edo zein azoka edo plazetan zein egunetan egongo den irakurri daitezke. Telefono bidezko whatsapp zerbitzua ere eskaintzen du 652 920 848 zenbakian.