Legazpik ongietorria eman die 2025ean herrira iritsitako herritar berriei

Legazpiko Udalak larunbatean egin zuen 2025. urtean herrira iritsi diren herritar berrien lehen harrera instituzionala udaletxean. Guztira, Legazpira iritsitako 261 herritar izan ziren gonbidatuak, eta 30 bat lagunek parte hartu zuten ekitaldian, senide eta lagunez inguratuta, giro bero eta hunkigarrian.
Eric Galvez alkateak ongietorria eman zien bertaratutakoei, Legazpi “iritsiera herria” dela azpimarratuz, eta herrian bizitza berria hasten duten guztiek laguntza, babesa eta komunitatea aurkituko dituztela adieraziz. Herritar berrien eskertza eta harrera beroa nabariak izan ziren uneoro. Halaber, euskara ikastera animatu zituen, komunitatearen parte izateko eta harremanak sendotzeko bide gisa.
Ekitaldian, Udalak sortutako Ongi etorri Gida eta ‘enbaxadore’ figuraren egitasmoa ere gogoratu ziren; gaur egun, 12 enbaxadorek ordezkatzen dituzte Legazpin naziotasun desberdinetako komunitateak, elkargunea eta elkar ezagutza sustatuz.
Amaieran, parte-hartzaile bakoitzari diploma bana eta Legazpiko poltsa bat eman zitzaion, eta “Mundutik Legazpira” mapan bakoitzak bere jatorria markatzeko aukera izan zuen; keinu sinboliko eta hunkigarria, Legazpira iritsitako bide anitzak agerian utzi zituena.
IKUSI EKITALDIKO BIDEOA
IKUSI EKITALDIKO ARGAZKIAK