Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik omenaldia egingo dio Unai Garitano Laurobari, Kenpo Kai munduko txapeldunari

2025/09/12
Legazpik omenaldia egingo dio Unai Garitano Laurobari, Kenpo Kai munduko txapeldunari

Legazpik beste behin harrotzeko arrazoia du: herriak munduko txapeldun berri bat dauka. Hori ospatzeko, Legazpiko Udalak omenaldi berezia antolatu du irailaren 17an, arratsaldeko 20:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Ekitaldia herritar guztiei irekia izango da eta gonbidapena luzatzen zai legazpiar guztiei Garitanori merezitako txaloa eskaintzera.

Unai Garitano Laurobak Kenpo Kai arte martzialeko munduko txapelketa irabazi zuen abuztuaren 10ean, Japonian, Hamamatsu hirian. Defentsa pertsonaleko modalitatean lortu zuen garaipena, Getariako Itsaso Legorbururekin bikotea osatuta. Garitano Legazpiko Kenpo Kai-Bushido klubeko kidea da.

Kenpo Kai Legazpin       
Kenpo kai Japoniatik eta Txinatik datorren arte martziala da, defentsa pertsonalerako erabiltzen dena, eta kolpeak, ostikoak, blokeoak, proiekzioak edo heltzeak ditu oinarri. Diziplina, errespetua eta ahalegina balio nagusiak dira bertan. Legazpin 2005etik dago Bikuña kiroldegian, Kenpo Kai-Bushido klubaren eskutik.