Legazpik Kulturen Arteko Eguna ospatuko du urriaren 18an, musika, tailerrak eta munduko zaporeak eskainiz

Legazpiko Udalak eta Hotz Legazpi Elkarteak Kulturen Arteko Eguna antolatu dute aurten ere, udalerriko elkarbizitza, errespetua eta kultur aberastasuna balioesteko. Ekitaldia urriaren 18an larunbata, izango da, kaleak musikaz, tailerrez eta munduko zaporez beteko dituen programazioarekin.
Miryam Galilea Kultura zinegotziak ireki zuen ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa, eta eskerrak eman zizkien aurten antolakuntzarekin bat egin duten eragile berriei, Kontseilu Sozialista, Legazpiko Asanblada Feminista eta Txoesna taldeetako gazteei. Joxe Mari González udal delineatzailearentzat ere esker oneko hitzak izan ziren, "kokapenarekin eta planoekin izandako pazientzia eta laguntzagatik", bai eta udal brigadarentzat ere, jardunaldirako behar den materialaren antolaketaz eta muntaketa zati batez arduratzen baita.
Hotz Legazpiren aldetik, Leire Maiz eta Ane Calzadak aurkeztu zuten Kulturen Arteko Egunaren egitaraua, 10:00etan batukadarekin hasiko dena, aurkezpen ofizialarekin eta janari eta artisautza postuen irekierarekin batera. Goizean zehar mikromakrame, txapa, trenza, henna, idazkera arabiarra eta eskuekin egindako pintura tailerrak egingo dira, baita umeentzako espazio bat ere.
Programazioaz gain, perkusio-tailerra (11:30), Txalapartaren emanaldia (12:30) eta Fusión H Taldearen kontzertua (13:30 – 15:00) izango dira. Jardunaldia 16:00etan itxiko da.
.jpg)
Kulturen Arteko eguna Euskal Herria plazan ospatuko da, eta eguraldi txarra izanez gero, janari postuak azokara eramango dira, eszenatokiarekin batera, eta tailerrak berriz, Urbeltz pilotalekuan egingo dira.
Gaur egun, 52 nazionalitate ezberdinetako pertsonak bizi gara Legazpin, eta horien artean dauden 14 kultura ezagutzeko aukera izango dugu aurten: Honduras, Kolonbia, Venezuela, Peru, Maroko, Nigeria, Senegal, Mendebaldeko Sahara, Euskadi, Pakistan, Extremadura, Nikaragua, Argentina eta Kuba. Jatorkin, Shifa eta Kattalin elkarteek ere parte hartuko dute, Mor Mbathie eta Hippikeriak artisautza postuekin batera.
Jeovany Soliman Honduraseko ordezkariak eskerrak eman zituen "aurten ere hainbat kultura biltzen dituen egun hau antolatzeagatik". Gainera, gogoratu zuenez, "iaz asko gozatu genuen, nahiz eta jendea hurbilduko zen edo ez beldur ginen, baina babesa izugarria izan zen, eta aurten are gogo handiagoarekin gatoz". Solimanek "festara hurbildu eta gozatzeko" gonbitea luzatu zien legazpiar guztiei.
Bestalde, Karen Salgado Nikaraguako ordezkariak azpimarratu zuen: "garrantzitsuena da egun honetan gure lurraldetik gertuago gaudela eta gure kulturak erakutsi diezazkiekegula legazpiarrei. Horrela, guztiok, jatorri ezberdinak ezagutu, probatu eta gauza berriak ezagutu ditzakegu eta agian, egunen batean, maitasun haundiz hitz egin ziguten beste jatorri batzuetara bidaiatzera animatuko gara ".
Martxotik, talde antolatzaileak "prozesu trinkoa, bizia eta oso atsegingarri batean" prestatu du jardunaldia, "guztion artean eta maitasun handiz".
Prentsaurrekoa amaitzeko, Jeovany Solimanek Kulturen Arteko Eguna antolatzen duen taldea osatzen duten hainbat pertsonek parte hartzen duten gonbidapen-bideo bat sortu duela aipatu zen.
Urriaren 18an, larunbata, Euskal Herria plaza izango dugu topagune. Legazpin elkarrekin bizi garen kultura askorekin egun berezi bat konpartitzera gonbidatzen zaitugu.
Animatu eta parte hartu!