Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik FITURen parte hartuko du, Inaziotar Bideko udalerri gisa

2026/01/20
Legazpik FITURen parte hartuko du, Inaziotar Bideko udalerri gisa

Legazpik FITURen, Turismoaren Nazioarteko Azokan, parte hartuko du Inaziotar Bidearen berrikuntzak helmuga turistiko gisa aurkezteko ekitaldiaren baitan. Estatuko zein nazioarteko irismena duen proiektua da, eta barne-turismo jasangarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten du.

Urtarrilaren 22an, Turespañako standean, Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak (AMCI) bultzatutako ekimena jendaurrean aurkeztuko da, "Inaziotar Bidea: 1 bide, 10 helmuga" lelopean. Legazpiko alkatea, Eric Galvez, aurkezpen honetan izango da udalerriaren ordezkari gisa, Udalak proiektu turistiko estrategiko horrekin duen konpromisoa berretsiz.
Ekitaldiak, halaber, Inaziotar Bidearen webgune berriaren aurkezpena ere ekarriko du; bertan, ibilbideari buruzko informazio eta baliabide guztiak bilduko dira, baita hiru eguneko egonaldietan lurralde desberdinak ezagutzeko hamar proposamen turistiko ere.

Legazpi gaur egun AMCI osatzen duten 73 udalerrietako bat da, eta Madrilera joango diren Gipuzkoako ordezkarien artean egongo da, Azkoitia, Azpeitia, Urretxu eta Zumarraga bezalako udalerriekin batera. Guztira, 70 udal-ordezkari inguruk parte hartuko dute topaketa estrategiko honetan, Inaziotar Bidearen ikusgarritasuna turismo-eragile estatalei eta nazioartekoei begira indartzeko.

Inaziotar Bideak 1522an Inazio Loiolakoak egindako ibilbidea berreskuratzen du. Loiolatik (Azpeitia) Manresara doan 650 kilometroko bidea da, bost autonomia-erkidego zeharkatzen dituena: Euskadi, Errioxa, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia. Ibilbideak balioan jartzen ditu bertatik igarotzen diren udalerrien ondare historikoa, naturala, kulturala eta gastronomikoa, horien artean Legazpirena, kultura- eta barne-turismoari lotutako helmuga turistiko gisa duen kokapena indartuz.

Legazpik FITURen duen presentziak aukera estrategiko garrantzitsua eskaintzen du udalerria sustatzeko eta harreman estrategikoak ezartzeko. Era berean, 2029ra arteko Ekintza Planaren baitan etorkizunera begiratzen duen proiektu baten barruan duen papera sendotzen du, Inaziotar Bidea tokiko garapenaren eragile gisa bultzatuz.