Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik erroldatutako pertsona berriei ongietorria egiteko ekitaldia ospatuko du lehen aldiz

2026/01/19
Legazpik erroldatutako pertsona berriei ongietorria egiteko ekitaldia ospatuko du  lehen aldiz

Legazpiko Udalak ongietorri-ekitaldi ofizial bat aurrera eramango du, 2025ean lehen aldiz udalerrian erroldatu diren pertsona guztiei zuzenduta. Topaketa Eric Galvez Legazpiko alkateak zuzenduko du, eta urtarrilaren 31n, larunbata, egingo da, 12:00etan, udaletxean.

2025ean, 261 pertsona erroldatu dira lehen aldiz Legazpin, eta komunitate legazpiarreko kide bihurtu dira. Ekitaldi honekin, Udalak Legazpi bizitzeko leku gisa aukeratu izana eskertu nahi du eta bere bizi proiektua hemen garatzea erabaki dutenei ongietorri hurbil eta sinbolikoa eskaini nahi die.

Ekitaldia xumea eta hurbila izango da, elkar ezagutzeko pentsatua, tarte atsegin bat partekatzeko eta auzokide berriei Legazpi euren etxea dela helarazteko.
Urtarrilaren 31ko ekitaldira joan nahi duten erroldatu berriek aldez aurretik baieztatu beharko dute bertaratuko direla, Legazpiko Udaletxera deituta (943 73 70 30), topaketa ahalik eta ondoen antolatu ahal izateko.

Gainera, 2025ean 42 jaiotza erregistratu dira udalerrian. Familia horiei ere ongietorria egingo zaie otsailean egingo den ekitaldi berezi batean.
Erroldatze eta jaiotza berri hauekin, Legazpik 8.442 biztanle ditu guztira 2025eko abenduaren 31n. Datu horrek erakusten du udalerriak hazten jarraitzen duela eta, urtez urte, pertsona askok aukeratzen dutela Legazpi bizitzeko.

2025ean erroldatutako pertsonak hainbat nazionalitatetakoak dira. Guztira, Legazpin 52 nazionalitate desberdinetako pertsonak bizi dira, udalerriko aniztasun eta aberastasun sozialaren erakusgarri; guztiak ongi etorriak eta elkarbizitzan, errespetuan eta hurbiltasunean oinarritutako komunitatearen funtsezko parte.

Legazpiko Udalak oso positibotzat jo du ekimen hau, ilusioz eta komunitate sentimendua sendotzeko, herritarrekiko lotura sendotzeko eta dagoeneko herriaren oraina eta etorkizuna osatzen dutenei ongietorria emateko asmoarekin abian jarri baita.