Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik emakumeek zientzian duten papera aldarrikatuko du egitarau berezi batekin

2026/01/23
Legazpik emakumeek zientzian duten papera aldarrikatuko du egitarau berezi batekin

Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatuko dela eta, Legazpiko Udalak jarduera-programa zabala antolatu du, zientziaren arloan ibilbide profesionala egin duten emakumeak ikusgai jartzeko eta oraindik ere existitzen diren oztopoak eta estereotipoak hausten laguntzeko helburuarekin.

Egitaraua gaur, urtarrilaren 23an, hasiko da Latxartegi aretoan 20:00etan Petti eta Ana Galarragaren eskutik eskainiko den “Frankestein agurgarria” musika-errezitaldiarekin.

Otsailaren 2tik 11ra bitartean, herriko saltokietako erakusleihoek emakume zientzialarien irudi inspiratzaileak izango dituzte, Legazpiko kaleak herritar guztientzat irekitako dibulgazio-ibilbide bihurtuz. Ekimen honen bidez, legazpiarrek ginkana batean parte hartu ahal izango dute, herrian barrena ibiliz zientziako emakumezko erreferenteak ezagutzeko.

Hezkuntza-zentroek ere bat egingo dute ekimenarekin. Olamendi eskolak eta institutuak zein Haztegi ikastolak ginkanan parte hartuko dute aste horretan, eta ikasleek “Emakume kimikarien” tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.

Halaber, Udalak Legazpiko emakume zientzialariei espazio berezia eskaini nahi die. Horretarako, otsailaren 3an mahai-inguru bat antolatuko da, eta bertan hainbat legazpiarrek beren esperientzia profesionalak partekatuko dituzte zientziaren arloan.

Egitaraua otsailaren 2tik 11ra Kultur Etxean ikusgai egongo den emakume zientzialariei buruzko erakusketa batekin osatuko da. 

Jarduera bakoitzaren toki eta ordutegi zehatzak datozen egunetan jakinaraziko dira, datak gerturatu ahala. Udalak herritar guztiak animatzen ditu inspiratzeko, sentsibilizatzeko eta gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko pentsatutako egitarau honetan parte hartzera.