Legazpik Chillidari omenaldiaren amaierako bi ekitaldiak aurkeztu ditu

Legazpiko Udaletxean egindako prentsaurrekoan, Eduardo Chillida eskultore ezagunari omenaldia eta ospakizun urtearen amaiera markatuko duten ekitaldiak aurkeztu dira. Amaia Aizpurua turismo zinegotziak eta Agurtzane Elustondo Lenbur Fundazioko gerenteak, Legazpiko kultur elkarteak lagunduta, omenaldiaren nondik norakoak partekatu dituzte.
Urte osoan zehar, hainbat erakusketa, hitzaldi eta kultur jarduerekin, Legazpik Eduardo Chillidaren bizitza eta obrari omenaldia egin dio, martxotik hasita gaur egun arte aurrera eraman diren ekitaldi guztiak gogoratu dituztelarik.
Ospakizuna bere gorenera iristen da orain, datozen egunetan bi ekitaldi aurrera eramanez:
- Hilak 25, Bellota fabrikak ateak irekiko dizkie legazpiarrei. 25 laguneko talde batek azken 100 urteetan udalerriaren garapena markatu duen fabrika hau bisitatu ahal izango du.
- Larunbatean, hilak 29, ekitaldi berezi batekin amaituko da omenaldia. Itxiera honek bere arteari omenaldia egiteaz gain, Chillida Legazpiko herriarekin lotzen duen harremana ere islatzen du.
Amaia Aizpurua zinegotziak ospakizun hauen garrantzia azpimarratu du, Eduardo Chillidaren oroimena bizirik mantentzen jarraitzeko. "Funtsezkoa da legazpiarrek eta bisitariek beren ondareaz gozatzen eta ikasten jarraitzea, gure herriko txoko bakoitzean baitago". “Asko izan dira urte honetan aurrera eramandako ospakizunetan parte hartu duten herritar eta elkarteak, eta hauei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lana eta inplikazioagatik”. “Ezin ahaztu Chillidarekin lan egin zuten herritarrak ere, momentu oro izan duten prestutasunagatik”; “eta Chillida familiari ere ospakizun hauetan guztietan parte hartu izanagatik”, adierazi du.
“Chillidaren obraren inguruan lanean jarraituko dugu, ikertzen, datuak biltzen eta Legazpirekin izandako harreman hori ezagutarazten”, esan zuen Agurtzane Elustondok, Lenburreko gerenteak.
Jaialdiara joateko informazio garrantzitsua (ordutegia, sarbideak eta garraioa)