Legazpik bat egiten du frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformarekin

Legazpiko Udalak prentsaurreko publikoa eskaini du gaur maiatzak 21, Eric Galvez alkatea, udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak, frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako bozeramalea eta Baketik Fundazioko kidea bertan izan direlarik. Bertan aurkeztuko da frankismoaren biktimen eta haien senideen testigantzak jasotzeko prozesu baten hasiera, Argentinako Kereila izenez ezagutzen den auziaren testuinguruan.
Ekimen hau udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunarekin bultzatu da, eta helburua da egia, justizia eta erreparazioa bermatzea, 1936 eta 1978 bitartean giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonentzat. Beraz, azaldutakoaren arabera, honako hau ebatzi zen 2024ko otsailaren 12an :
- Kereila kriminala jartzea gure hiriko edo eskualdeko instrukzio-epaitegietan, horiek iker ditzaten diktadura frankistak egindako gizateriaren aurkako krimenak, udalerri honetako biztanleen aurka. Zein baldintzatan gauzatu ziren zehaztuz, nor izan zen edo ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoa, eta, hala badagokio, egozte, auzipetze, epaiketa eta kondena jartzeko erabakia hartuz.
- Kereila kriminala jartzea Buenos Airesko (Argentina) 1 zenbakiko Epaitegi Nazional Kriminal eta Korrekzional Federalean, 4591/10 auziaren barruan, diktadura frankistak udalerri honetako bizilagunei eragindako gizateriaren aurkako krimenak iker ditzan. Zein baldintzatan gauzatu ziren zehaztuz, nor izan zen edo ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak, eta, hala badagokio, egozte, auzipetze, epaiketa eta kondena jartzeko erabakia hartuz.
- Frankismoaren biktima zuzenak edo biktimen senideak izateagatik, salaketak edo kereilak aurkeztu nahi dituzten udalerri honetako bizilagunei edozein laguntza material eta juridikoa eskaintzea. Horretarako, Udalak Biktimen Bulego bat edo biktimei arreta eta laguntza eskaintzeko arduradunak izendatuko ditu.
Baketik Fundazioa, bakearen, memoriaren eta giza eskubideen arloko esperientzia zabalarekin, arduratuko da biktimen arreta, testigantzen bilketa eta informazioaren tratamendu teknikoa koordinatzeaz. Prozesua Legazpiko Udalarekin, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformarekin eta Estatu espainiarreko zein Argentinako abokatuekin elkarlanean egingo da.
Proiektu hau garatzeko, Legazpiko Udalak laguntza ekonomikoa eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Prozesu juridiko eta etiko bat: Argentinako Kereilarekin bat egitea
Argentinako Kereila2010ean ireki zen Buenos Airesko Zigor Arloko Auzitegi Nazionalean, eta jurisdikzio unibertsalaren printzipioan oinarrituta dago. Gaur egun arte, frankismoan egindako giza eskubideen urraketen aurkako munduko auzi penal bakarra da.
Espainiako Estatuan 1977ko Amnistiaren Legea dela eta, prozedura judizialak ezin abiarazita, biktima askorentzat justiziarako ate bakarra bihurtu da Argentinako bidea, baina halere, 2016an, Plataformak, bertako justiziak ere urraketa hauek ikerketzeko erantzunkizuna baduela sinistuta, nazioarteko jurisdikzioa utzi gabe, Estatuko espaitegietarako jotzea erabakitzen du.
Legazpiko Udalak auzi honekin bat egingo du modu ofizialean, herrian gertatutako kasuei buruzko informazioa aurkeztuz. Halaber, Estatu espainiarreko epaitegietan ere kereila jartzeko prozesuak jarriko dira martxan, tokian tokiko gertaerak ikertzeko asmoz, urte hauetan, Euskal Plataformarekin lanean aritu diren abokatuen kabinetearen laguntzarekin.
Biktimentzako arreta
Maiatzaren 22tik ekainaren 21era, herritarrek informazioa eskatzeko eta parte hartzeko interesa adierazteko aukera izango dute. Aldi horretan, jendearekin harremanetan jarriko da Udaleko eta Baketikeko lantaldea, prozesua azaltzeko eta zalantzak argitzeko Udaleko Arreta Zerbitzuaren bitartez.
Uztailaren hasieratik aurrera, pertsona bakoitzaren testigantzen jasotze pertsonalizatua hasiko da, betiere konfiantza giroan eta modu pertsonalizatuan.
Biktimen arretarako espazio berezi bat jarriko da martxan Legazpin bertan, Baketik Fundazioaren laguntzaz, elkarrizketak antolatu eta dokumentazioaren bilketa koordinatzeko.
Parte hartzea eska dezaketen pertsonen kopuru zehatzik oraindik ez badago ere, 25 pertsona inguruko aurretiazko identifikazioa dago.
Oroimena, justizia eta erreparazioa, tokikotik abiatuta
Proiektu hau bat dator Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen printzipioekin, zeinak dio krimen horiek ez direla preskribatzen eta ez dagoela legerik ez praktikarik halako krimenak zigorrik gabe uzteko eskubidea duenik.
Gaurko prentsaurrekoa izan da ekintza kolektibo eta konpontzaile baten abiapuntua. Udalak, herritarrek, elkarteek eta biktimek batera egingo dute lan, oroimen historikoa berreskuratzeko eta zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko.
Informazio gehiago:
943 73 90 30
Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzua
www.baketik.org