Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpi txukun mantentzea gure esku dago

2025/07/10
Legazpi txukun mantentzea gure esku dago

Azken hilabeteetan, herriko hainbat tokitan, zaborra eta hondakinak edukiontzi eta paperontzietatik kanpo agertzen ari dira. Azken aste honetan, gainera, zabor ugari agertu da Urola ibaian. Gertakari horiek oso kezkagarriak dira, gure ingurune naturalari eta herriaren irudiari kalte egiten dietelako eta guztion osasunerako arazoak sortzen dituztelako.

Gainera, Sasieta Mankomunitateak eta Udalak baliabide gehigarriak jarri behar dituzte, pertsonalak zein ekonomikoak, bide publikoetan gaizki utzitako zabor hori guztia biltzeko. Eta aparteko ahalegin hori Legazpiko pertsona guztien artean ordaintzen dugu, beste zerbitzu batzuk hobetzeko erabil litezkeen baliabideekin.

Bide batez, gogorarazi nahi dugu hondakin guztiak behar bezala biltzeko hainbat zerbitzu ditugula. Hala, gaikako bilketarako edukiontziak daude udalerri osoan, Laubide auzoan eta Plazaola kalean bi minigarbigune daude, eskualdeko garbigunea dugu Urretxun, auzokonposta-zerbitzua dago eta ostegunetan tamaina handiko hondakinak biltzeko ere zerbitzu berezia dago.

Ia hondakin mota guztiak gaika bil daitezke, ez dago aitzakiarik. Bitarteko horiek behar bezala erabiltzea funtsezkoa da sistemak ondo funtziona dezan. Horrela ez egiteak ez dio soilik herriari kalte egiten, indarrean dagoen araudiaren arabera zehatu daitekeen arau-haustea ere bada.

Horregatik guztiagatik, erantzukizun indibidual eta kolektiborako deia egin nahi dugu. Gure ingurunea zaintzea guztion kontua da. Zaborra dagokion lekuan uztea ez da ezer kostatzen, eta aldea nabarmena da.

Zure hondakinak behar bezala non eta nola kudeatu jakiteko, esteka hau kontsulta daiteke: https://www.legazpi.eus/bizi/hondakinak/etxeko-hondakinak

Ostegunetan edukiontzien ondoan utz daitezkeen tamaina handiko hondakin motak kontsulta ditzakezu hemen: https://www.sasieta.eus/fitxategiak/ckfinder/files/cartel-sasietaOKTZ2-comprimido.pdf

Edo Sasieta Mankomunitatearen telefonora ere deitu dezakezu: 943 161 555

Norbaitek edukiontzi marroia (materia organikoa) eta grisa (gainerakoen zatikia) irekitzeko txartelik ez badu, doan eska dezake Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).