Legazpi, Europako Parlamentuan Parisko Akordioaren 10. urteurrenean

Eric Galvez Legazpiko alkateak Europako Parlamentuan parte hartu du, Bruselan, Global Covenant of Mayors for Climate & Energy erakundeak antolatutako ekitaldietan. Global Covenant of Mayors for Climate & Energy klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurkako ekintzarekin konprometitutako hirien eta tokiko gobernuen munduko aliantza handiena da.
Aurtengo zeremonia berezia izan da, Parisko Akordioaren hamargarren urteurrenarekin batera, eta bertan izan dira Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea eta Europar Batasuneko eta nazioarteko beste goi-ordezkari batzuk.
Bruselan egindako egonaldian, Legazpiko alkateak Energy Citiesek antolatutako Mayor 's Club Dinner – Financing local heating and cooling infrastructure topaketan parte hartu zuen.
Topaketa horretan, Europako hainbat hirik berokuntza eta hozte jasangarriko hiri-azpiegituretarako esperientziak eta finantzaketa-ereduak partekatu zituzten.
Mayor 's Clubeko afarian, parte-hartzaileek jardunbide egokiak partekatu zituzten, eta Europa berokuntzaren eta hoztearen deskarbonizazioaren bidean kokatzea ahalbidetuko duen finantzaketa-arrakala ixteko irtenbideei buruz hausnartu zuten, trantsizio energetikoaren erronka konplexuenetako bat baita.
Testuinguru horretan, Europako Parlamentuko kide Jutta Paulus eurodiputatuak azpimarratu zuen "benetan erabakigarria" dela "tokian-tokian jardutea, hor gertatzen baitira inplementazioa eta praktikak, berokuntza deskarbonizatzen baita".
Esparru horretan, Legazpik interesa agertu du energia termiko garbiko tokiko proiektuetarako Europako finantzazio-bideak aztertzeko, hala nola Latxartegi inguruko hiri-berokuntzako sare posiblea (district heating), inguruko eraikin publikoak energiaz hornitzera bideratua(ikastola, gizarte-zentroa, kultura-etxea, osasun zentroa...).
Legazpiko Udala Global Covenant of Mayors for Climate & Energy erakundeko kidea da 2025eko abuztutik. 2013an energiaren euskal erakundearen ekimen berri batekin bat egin zuen: "Alkateen itunera bidean", eta 2015ean Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunari atxikitzea sinatu zuen. Legazpi ekimena osatzen duten Euskadiko 32 udalerrietako bat izatera pasa da, eta beste 20 atxikitze prozesuan daude.
Parte-hartze horrek indartu egiten du Legazpik iraunkortasunarekin, energia-eraginkortasunarekin eta Europako hirien arteko lankidetzarekin konprometitutako udalerri gisa duen posizioa. Alkateak nabarmendu zuenez, "Legazpi udalerri txikia da, baina anbizio globala du. Europako eta planetako etorkizun klimatikoari lagunduko dioten tokiko politiketan aurrera egiten jarraitzeko prest gaude ".