Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpi, Europako Parlamentuan, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itun Globalean

2025/10/07
Legazpi, Europako Parlamentuan, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itun Globalean

Legazpiko Udalak Global Covenant of Mayors for Climate & Energy erakundeak Bruselan antolatutako ekitaldietan parte hartuko du urriaren 15ean eta 16an. Global Covenant of Mayors for Climate & Energy, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurkako ekintzarekin konprometitutako hirien munduko aliantzarik handiena da.  


Legazpik, aspaldidanik, iraunkortasunaren arloan etengabeko lan-ildoa mantentzen du. 2013an, Kepa Urzelai alkate zela, Legazpik bat egin zuen energiaren euskal erakundearen ekimen berri batekin: "Alkateen itunerantz bidean". 2015ean, Koldobike Olabide alkateak ordezkatuta, Legazpi Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunera batu zen eta Parisko Akordioaren esparruan Parisen egindako sinaduran izan zen alkatea. 2025eko abuztuan, Legazpik mundu osoko 13.000 udalerri biltzen dituen Global Covenant of Mayors erakundean sartu zen.


Datorren asteazkenean, urriaren 15ean, Eric Galvez Legazpiko alkateak gure udalerria ordezkatuko du Bruselan, etbertana berokuntza eta hozte jasangarriko hiri-azpiegiturei buruzko Europako hainbat hiriren esperientziak eztabaidatuko direlarik. Legazpik Latxartegi inguruan district heating bat (hiri-berokuntzako sarea) ezartzeko aukera aztertzeko duen interesarekin bat etorriz, horrelako proiektuetarako Europa mailan dauden finantzaketa-formulak aztertu nahi ditu. District heating horrek inguruko hainbat eraikin publiko hornitu ditzake (ikastola, gizarte-zentroa, kultura-etxea, osasun zentroa...).


Urriaren 16an, osteguna, alkatea Alkatetzen Itunaren Urteko Zeremonian izango da. Aurten, Europako Parlamentuan (Brusela) ospatuko da, Parisko Akordioaren hamargarren urteurrena dela eta. Ekitaldian parte hartuko dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak, Roberta Metsola Europako Parlamentuko lehendakariak eta Erkidegoko beste goi-kargudun batzuek, Europa osoko udal-ordezkariekin batera.


Bruselan egonda, Legazpik indartu egiten du ekintza klimatikoarekin eta Europako lankidetzarekin duen konpromisoa, eta aurrera egiten jarraitzen du 2024-2030 aldirako Klima eta Energia Plan Integratua gauzatzen. Plan horrek bost proiektu estrategiko eta hirurogeita hamar ekintza biltzen ditu, udalerri jasangarriagoa, efizienteagoa eta inklusiboagoa bultzatzeko.