Legazpi auzoetatik. Aizkorri-Bikuña eremua

Otsailean hasitako prozesuaren baitan beste auzo bat bisitatuko du Udalak
Auzoetako beharren inguruko Udalaren lanketa iraunkorrarekin jarraituz, “Legazpi auzoetatik” auzo biraren bigarren geltokia Aizkorri-Bikuña eremua izango da.
Joan den otsailean, Itxaropen auzoan ekimenari hasiera eman zitzaion eta esperientzia oso aberasgarria izan zela ondorioztatu zuten parte hartzaileek.
Gogoratu beharra dago, lanketa honen helburua, Legazpiko auzoetako beharrak herritarren ahotik zuzenean jasotzea, horiei erantzuteko ekintza plan bat burutzea eta interbentzio ezberdinak aurrera eramatea da.
Horretarako, ostegunean, martxoaren 27an, arratsaldeko 18:00etan Aizkorri-Bikuña eremua bisitatuko du Udalak. Bikuña Jauregitik hasita, inguruan ibilaldia egingo dugu elkarrekin eta hau amaitzen denean Jauregian bertan elkartuko gara auzoko gaien inguruan jardun eta mokadutxoa hartzeko.
Aukera paregabea da herritarrek behar eta ezinegonak Udalarekin partekatzeko eta horrenbestez, parte hartzera animatzen ditugu.