Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Latxartegi parkearen ingurua biziberritzeko parte-hartze prozesuaren emaitza legazpiarrei azaltzeko momentua iritsi da

2025/03/07
Latxartegi parkearen ingurua biziberritzeko parte-hartze prozesuaren emaitza legazpiarrei azaltzeko momentua iritsi da

Iazko udazkenetik Legazpiko Udala Juntura Kooperatibarekin elkarlanean Latxartegi parkearen etorkizuna irudikatzeko prozesu partekatua aurrera eramaten aritu da buru belarri.

Herriaren erdigunean dagoen eremu zabal horrek indargune ugari zituela jakinekoa zen arren, prozesu honek ingurua biziberritzea izan du helburu, legazpiarren beharrei erantzunez, guztiek erabil dezaten.

Diseinu-prozesuak hainbat fase izan ditu, guztiak ere Juntura Kooperatibako kideek gidatu dituztenak. Lehenengo fasean arlo ugaritako udal teknikariak bildu ziren parkeari buruz sentsibilitate anitzetatik hausnartzeko, kontuan izanda gune horretan herriko hainbat ekipamendu biltzen direla eta Legazpi osoko mugikortasunean, izan oinezko, bizikleta edo motordun ibilgailuenean, eragin handia duela.

Bigarren fase batean talde espezifiko ugarirekin egin ziren saioak: emakumeak, nagusiak, eremuko ekipamenduetako arduradunak, nerabeak, emakume migratuak eta auzotarrak. Saio horietan, besteak beste, plazaren izaerari buruz hitz egin zen, zein erabilera jaso behar zituen definitzeari ekin zitzaion eta lehen proposamenaren gainean ekarpenak ere jaso ziren.

Ostean, 2025eko urtarrilean, batzar irekia antolatu zen legazpiar guztientzako, non aurreko faseetako ondorioetatik eratorritako proposamena kontrastatu zen eta hau aberasteko ekarpenak jaso ziren.

Jada prozesu partekatuaren amaierara iritsi gara eta martxoaren 11n, asteartean, arratsaldeko 18.00tan, Kultur Etxeko areto nagusian azken saioa egingo da ibilbide aberasgarri horren emaitza legazpiarrei erakusteko.

Hala ere, etorkizuneko Latxartegi parkea errealitate bihurtzeko pausuak ematen jarraituko du Udalak: 2025 urtean zehar urbanizazio-proiektua idatziko da, prozesuaren emaitza oinarri gisa hartuta. Bestalde, obrak fasetan banatuko dira udal ogasunerako jasangarriak izan daitezen eta lehenengo zatia 2026 urtean gauzatzea aurreikusten da.

Horrenbestez, Udalak Latxartegi parkearen inguruaren etorkizuneko diseinua ezagutzera gonbidatzen ditu legazpiarrak.