Larunbatean ospatutako Kulturen Arteko Egunak kolorea, zaporeak eta elkarbizitza ekarri zituen Legazpira

Joan den larunbatean, Legazpik egun oso berezia bizi izan zuen Kulturen arteko Eguna ospatuta. Ekitaldia Legazpiko Udala eta Hotz Legazpi elkarteak antolatu zuten. Euskal Herria plaza munduko kolorez, usainez eta doinuez bete zen, giro alaia, parte-hartzailea eta askotarikoa nagusi izan zen egun batean.
Ehunka pertsona hurbildu ziren 14 kultura desberdinen proposamen gastronomiko eta artisauak dastatzera eta ezagutzera: Honduras, Kolonbia, Venezuela, Peru, Maroko, Nigeria, Senegal, Euskadi, Argentina, Kuba, Pakistan, Mendebaldeko Sahara, Extremadura eta Nikaragua. Horiez gain, tailerrak, emanaldiak eta haur-jarduerak ere izan ziren, goizetik giroa alaituz.
Antolakuntzaren arabera, balorazioa oso positiboa izan da. Kulturen arteko Eguna arrakasta hutsa izan zen alderdi guztietan: bai jendearen parte-hartzearengatik, bai egun osoan zehar bizi izan zen elkarbizitza, errespetu eta alaitasun giroagatik.
“Egun oso polita izan zen, elkarbizitzaz, errespetuz eta pozez betea. Eskerrak eman nahi dizkiegu egun hau posible egin zuten pertsona eta talde guztiei”, adierazi dute antolatzaileek.
Legazpiko Udalak eta Hotz Legazpik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten herrialdeetako ordezkari guztiei, baita topaketan parte hartu zuten elkarte, artisau eta saltzaileei ere, Labatu batukada eta Suttan Ttakun txalaparta ahaztu gabe. Halaber, postuak muntatzen eta desmuntatzen lagundu zuten pertsona guztien lana aitortu da, bakarka edota elkarte gisa, eta jardunaldi osoan jarduerak koordinatzeaz arduratu zirenak. Halaber, Kontseilu Sozialista, Legazpiko Asanblada Feminista eta Txoesnako gazte legazpiarrei, haur espazioaren antolakuntzan, muntatzen eta desmuntatzen laguntzeagatik. Pertsona horien guztien ahaleginari esker, giro alaia eta parte-hartzailea izan genuen egun osoan.
“Kulturen arteko Egunak erakusten du Legazpin bizi den aberastasuna eta aniztasuna. Gizarte ireki, errespetuzko eta elkartua nahi dugunaren isla da”, adierazi zuen Kultura zinegotzi Miryam Galileak. Aurtengo edizioak esperientzia bikaina utzi du, eta indartu egin du kultura guztiek elkar topatzeko eta partekatzeko espazioak eraikitzeko konpromisoa.
Eskerrik asko guztioi hau posible egiteagatik!