Udalak eta Hotz Legazpik berrikuntzez jositako Kulturen Arteko Egunaren edizio berria aurkeztu dute

Legazpi prest dago Kulturen Arteko Egunaren edizio berria ospatzeko, datorren urriaren 17an, larunbata. Egitarauaren aurkezpen ofiziala atzo egin zen udaleko bilkura-aretoan, eta bertan jardunaldi honetan parte hartuko duten herrialde askotako ordezkariak izan genituen.
Prentsaurrekoaren hasieran, Miryam Galilea Kultura zinegotziak udalerriko jai eta elkarbizitza topaketa honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Ilusio handiz aurkezten dugu Kulturen Arteko Egunaren edizio berri hau; finkatutako ekitaldia da, baina aurten kalitatezko saltoa eman du, lehen aldiz kalera irten baita kanpoko finantzaketa bila, tokiko babesle eta laguntzaileen ezinbesteko babesa batuz".
Oraingoan, festak 15 herrialderen parte-hartzea izango du, Errumania eta Costa Rica komunitate berriak gehitu ondoren. Horiek lehendik parte hartzen zuten herrialdeei batu zaizkie: Senegal, Kuba, Nikaragua, Nigeria, Venezuela, Euskadi, Peru, Kolonbia, Argentina, Honduras, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Pakistan. Guztiek beren herrialdeetako janari eta edarien postuak jarriko dituzte, herritarrek prezio eskuragarrietan dasta ditzaten.
Herritar guztiak lehen momentutik festara batzera animatzeko nobedade nagusi gisa, aurretik desfile bat programatu da parte-hartzaile guztiekin eta musika-animazioarekin, 10:30ean Laubidetik abiatuko dena. Ondoren, 11:00etan, aurkezpen ofiziala egingo da plazan.
Musika eta ikuskizunen atalari dagokionez, Mundutik Legazpira elkarteko Elizabeth Cuellok eguna alaituko duen soinu-eskaintzaren xehetasunak azaldu ditu: "Labbatu Batukadaren energia eta Sutan Ttakun Txalapartaren soinu tradizionala izango ditugu, baita munduko dantzen egitarau zabala ere. Zorte handia izango dugu Bilbotik datorren Caporales San Simon Sucre taldea gure artean egongo baita, Boliviako folklorea erakusteko, Peru eta Marokoko erakustaldiekin batera. Gainera, Korosti+Mundutik Legazpira taldearen lana aurkeztuko da; munduko erritmoak nahasten dituen koreografia hau herritar ugarik entsaiatu dute doan ostegunetan. Eta musikari amaiera emateko, Assammer Band taldea (Marrokoko hego-ekialdea) bisitari izango dugu 13:30etik 14:30era euren zuzenekoaz gozatzeko".
Bestalde, Karen Salgadok, Mundutik Legazpira elkarteko kide eta Nikaraguako ordezkariak, adin guztiei zuzendutako parte-hartze eskaintza eta tailerrak zehaztu ditu: "11:00etatik aurrera gastronomia eta artisautza postuak irekiko ditugu, mikromakrame, txapak, trenzak, henna eta arabiar idazkera tailerrekin batera. Horrez gain, Haur Txokoa ere izango da 11:45etik 14:00etara, Legazpiko Asanblada Feministaren eskutik. Aurten ere, 12:00etatik 13:00etara arrakasta handiko Mandinga perkusio tailerra izango dugu, eta igande honetan, hilak 11, familiek egindako piñatak berriro hautsiko ditugu, iaz bultzatutako eta izugarrizko arrakasta izandako jarduera".
Prentsaurrekoa amaitzeko, Mari Romerok, Hotz Legazpiren izenean, gonbidapen beroa egin die legazpiar guztiei: "Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu urriaren 17an plazara hurbiltzera, aniztasun gastronomiko eta kulturalaz gozatzera, eta bizilagun guztien arteko jai eta topaketa eguna partekatzera".
Eguneko une berezien artean, 13:25ean Konekt zozketa egingo da; bertan, Konekt barberiak dohaintzan emandako bi ile-mozketa zozketatuko dira. Ekitaldiak 16:00etan amaituko dira.
Antolakuntzatik eskerrak eman nahi zaizkie edizio hau posible egin dutenei. Antolatzaile gisa Legazpiko Udala eta Hotz Legazpi daude; babesle nagusi gisa Bikain Zentro Medikua, Konekt, Kte, Irizar eta Urola Packaging; eta laguntzaile gisa Gizarte Zentroko taberna, Oskarbi Optika-Audiologia, Legazpiko Asanblada Feminista eta Mundutik Legazpira.
Egitarau zabal honekin, antolatzaileek herritar guztiak animatzen dituzte Legazpiko kaleak kolorez, musikaz, gastronomiaz eta kulturen arteko elkarbizitzaz beteko dituen jai-egun honetan parte hartzera eta aktiboki gozatzera.
