Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

'Munduko Arrozak' festa iritsiko da ostiralean San Inaziora, kulturartekotasuna eta elkarbizitza ardatz hartuta

2026/07/28
'Munduko Arrozak' festa iritsiko da ostiralean San Inaziora, kulturartekotasuna eta elkarbizitza ardatz hartuta

Kulturartekotasuna eta elkarbizitza bultzatzea helburu duen 'Munduko Arrozak' festa ospatuko da San Inazioko jaietan, uztailaren 31an, ostirala, 12:00etan hasita. Buskabaso Bizilagun Elkarteak —Auzoak Bizirik-en parte denak— du antolakuntzaren gidaritza, San Inazioko Jai Batzordea osatzen duten talde eta elkarteen laguntzarekin. 

Ekimen hau ez da bertan sortutako ideia bat, Euskal Herri mailan herri mugimenduetatik askotan antolatu den festa baizik. Arrozak partekatzea elkar ezagutzeko aitzakia bat da, kalean elkartzeko eta auzoaren aniztasuna ikusarazteko. Era berean, festa hau aldarri bat ere bada, gure auzoak eta ingurua gehiago zaintzeko aldarria, bai instituzioetatik bai auzolanetik. 

Aipatzeko modukoa da festa hau San Inazioko jaietan egin izan den elkartasun bazkariaren jarraipena izango dela. San Inazioko bizilagunak berriz ere antolatzen hasi diren heinean, auzoko egungo errealitateari eta beharrei egokitutako ekimen bat aurrera eramatea erabaki da. 

Gainera, auzotik haratago, Legazpiko beste hainbat eragile eta denda izango dira ekimenaren laguntzaileak. Besteak beste, Mundutik Legazpira eta Taupada elkarteak, Buztintegi, Lekanazpi, Olamendi Eskola, Amelar fruta eta barazki denda, Laubide Jatetxea, Obena harategia, Perez de Arenaza kontserbak eta Sustrai fruta denda. 

Aurtengo lehenengo edizio honetan 8 herrialdek hartuko dute parte: Peru, Nikaragua, Nigeria, Costa Rica, Pakistan, Kuba, Senegal eta Euskal Herria. Arrozak kozinatu bitartean, edari bereziak prestatuko dira bertaratzen direnentzako. Arrozak eta edariak doakoak izango dira, parte hartzea ez oztopatze aldera; halere, nahi duenak borondatea eman ahalko du.

Jasotako dirua Legazpin sortu berri diren Taupada eta Mundutik Legazpira elkarteekin banatuko da, etorkinen integrazioa helburu duten egitasmoak bultzatzeko. 

Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean haurrentzako ludoteka egongo da. Bertan jolas kooperatiboak antolatuko dira, antiarrazakeria eta kulturartekotasunari buruzko hausnarketa ardatz izanda, ur-jolasekin batera. Bazkalostean, familiei ur-parkera jolastera joateko gonbitea egingo zaie. Datozen urteetan, lehen edizio honetan ikasitakoarekin ekimena hobetzea eta festa are handiagoa antolatzea da asmoa.