Ikuskizunak Latxartegi aretoan. BostOK Umorezko bakarrizketak euskaraz, otsailaren 21ean, eta datozenak

Urtarrilean jarri zen martxan Latxartegi Aretoko ikuskizunen programazioa, Frankenstein Agurgarria errezitaldi musikatuarekin.
Euskarazko Bakarrizketen txanda izango da Latxartegi Aretoko ikuskizunen programan otsailean.
BostOK en saioa izango da gazte eta helduen gozagarri Otsailaren 21ean, larunbata, 19:30ean.
Ander Malbadi, Esti Curiel, Asier Galarza,Maria Blanco eta Manex Astigarraga dira Bostok! Estik ingelesari dion gorrotoa, Manexen intsektuekiko filia, Asierrek dentistarekin duen harremana, Mariak duen tipula klase propioa edota Malbadik euskal kulturaz duen jakintza sakona ezagutu nahi badituzu, gerturatu saioa ikustera.
Martxoaren 13an, ostirala, 19:30etan Tartean teatroaren KANDIDA izango dugu Latxartegi Aretoan. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendua Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez aktoreekin.
Klara Balzes idazle gazteak, bere lehen nobela idatzi du: “Kandida”, etxegabetu bati buruzko istorio bat. Kandida fikziozko pertsonaia da, baina benetako pertsona batean oinarrituta dago. Klarak benetako persona hura, Manuela, desahuziatuen aldeko elkarte batean ezagutu zuen. Nobelan, Klarak bere etxean jasoko du Kandida. Errealitatean, Klarak Manuelaren arrastoa galdu zuen betirako. Nobela argitaratzen den egunean, Manuela Klararen etxean agertuko da. Eta nobelan egin duen gauza bera egiteko eskatuko dio gazteari: bere etxean jasotzea. Idazleak eta berak sortutako pertsonaiak pisua konpartitzen dutenean. Benetako bizitzak ez dira nobeleskoak.
Apirilaren 17an, ostirala, 19:30ean Las Reinas Kanpina lanaren txanda izango da. Maider Lekunberri, Maitane Perez, Olatz Beobide izango ditugu oholtza gainean.
Ongi etorri Las Reinas Kanpingera. Emakume talde batek urtez urte opor-leku berera jotzen du. Haien lurraldera. Haiek agintzen duten lekura. Baina… Benetan aske al gara oporretan? “Opor perfektuen” ametsa betetzen al dugu?
Las Reinas Kanpinga komedia beltz, arin eta absurdoa da. Bertan, botere-harremanen errepikapena, atsedenaren eta lanaren arteko talka eta botere-abusua jartzen dira mahai gainean, hiru emakumeren istorioaren bidez. Kanpina ez da atseden-leku hutsa: babeslekua da, erresuma eta lubakia.
Gizakiaren portaera misterioa da… are gehiago bere aisialdian.
Maiatzaren 8an, ostirala, 20:00etan ESANEZIN taldeak eskainiko duen kontzertuarekin itxiko dugu Latxartegi Aretoko ikuskizunen programa udara ondorenera arte.
Baina izango da haurrentzako ikuskizunik ere, familia giroan gozatzekorik alegia. Urtarrileko Bertso Garbitzailearenaren ondoren, martxoaren 1ean, igandea, 12:00etan MAMUAK EZAGUTZERA JOAN ZEN UMEA antzezlana eskainiko du Anodino Teatroak.
Egun gogorra suertatu da Malda eta Zorrotzek lan egiten duten almazenean: Aurkitu beharreko erlikia galdu bat, konpontzeko dagoen musika-tresna eta hori gutxi ez balitz istripu baten ondorioz objetu guztiek bizia hartu dute ustekabeak sortaraziz… eta bakoitzaren mamuak esnatuz.
Txontxongiloak, zuzeneko musika eta antzerkia batzen duen ausartentzako abentura.