Goierriko 36. Bola Txapelketak Legazpin jokatuko du bere final handia maiatzaren 23an

Goierriko Bola Txapelketak urtemuga borobila ospatuko du aurten: 36 urte bete ditu eskualdeko kirol eta kultura-ondare honi eutsi eta indartzen. Urtarrilean hasitako ibilbide luzearen ostean, txapelketak larunbat honetan, maiatzak 23, iritsiko du bere momentu gorena. Final handia Legazpiko Danantzako bolatokian jokatuko da, eta bertan erabakiko da zeintzuk izango diren aurtengo txapeldunak.
Goierriko bolari onenak aurrez aurre jarriko dituen azken tiraldia bi saiotan banatuta egongo da egunean zehar:
- Goizez: Saioa 10:30ean hasiko da.
- Arratsaldez: Ekinaldia 16:30ean berrartuko da.
Behin tiraldiak amaituta eta puntuazioak itxita, sari banaketa ekitaldia egingo da irabazleak omentzeko.
Eskualdeko 8 herri elkarlanean
Txapelketaren arrakasta Goierriko bolatokien arteko elkarlanari esker lortu da. Guztira 8 bolatokik hartzen dute parte antolamenduan, eta herri bakoitzak bere kuota eta bolatokia jarri ditu txapelketa aurrera eraman ahal izateko: Zerain, Segura, Gabiria, Olaberria, Zegama, Mutiloa, Idiazabal eta Legazpi.
Aurtengo finalean, Danantzako elkarteak, bere kuotaz gain, txapelak eta opariak jarriko ditu irabazleentzat, eta Legazpiko Udalaren laguntza ere izan dute antolakuntzako gastuei aurre egiteko.
Urtarriletik hona, bolatoki bakoitzean egindako tiraldietako puntuak gehitzen joan dira sailkapenean. Larunbateko azken saio honetan 40 bolarik neurtuko dituzte indarrak, hiru kategoria ezberdinetan banatuta:
- Gizonezkoak: 33 bolari.
- Emakumezkoak: 4 bolari.
- Gaztetxoak: 3 bolari.
Giro bikaina ziurtatuta dago Legazpin, tradizio handiko txapelketa honi amaiera borobila emateko. Herritar guztiak gonbidatuta daude Danantzako bolatokira hurbiltzera eta bolariak animatzera.