Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Gazte Mailako VIII Aurresku Txapelketa Nagusia Legazpin hasiko da larunbat honetan

2026/05/12
Gazte Mailako VIII Aurresku Txapelketa Nagusia Legazpin hasiko da larunbat honetan

Maiatzaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Gipuzkoar erako aurreskuaren lehen saioa jokatuko da Azokan, D saileko dantzarien eskutik.

Legazpi dantzaren hiriburu bihurtuko da asteburu honetan. Gazte Mailako VIII. Aurresku Txapelketa Nagusia bi saiotan banatuko da, eta gure herria izango da txapelketari hasiera emango diona. Larunbatean, maiatzak 16, Gipuzkoako dantzari gazte trebeenak bilduko dira Legazpiko Azokan, euskal dantzaren tradizioa eta maila altua erakusteko asmoz.

Legazpiko saioa: D Saila (17:00etan)
Larunbateko saioan D saileko dantzariak arituko dira, hau da, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak. Guztira 16 partaide igoko dira oholtzara, eta horien artean Legazpiko ordezkari talde zabala izango dugu:

  • Alaitz Agirre Arruebarrena
  • Araitz Berasategi Armendariz
  • Jon Alberdi Garde
  • June Osinalde Mendiola
  • Nora Escudero Mujika

Dantzariek bi pieza nagusi dantzatu beharko dituzte hasieran: Graziana eta, Desafioa edo Aurkez Aurkez. Epaileek puntuaziorik altuena ematen dieten sei dantzariak sailkatuko dira finalerako, eta horiek Legazpi Zortzikoa dantzatu beharko dute irabazlea nor den erabaki aurretik.
Sariak banatu baino lehen, herriko Sustraiak Dantza Taldeko gaztetxoek hartuko dute protagonismoa, Makil Handi eta Uztai Txiki dantzen erakustaldia eskainiz.

Hurrengo hitzordua Errenterian
Txapelketako bigarren saioa maiatzaren 24an izango da, Errenteriako Niessen Kultur Gunean (11:00etan). Bertan A eta B sailetako dantzariak arituko dira, eta Legazpiko Sustraiak taldeak han ere izango ditu bere ordezkariak:

  • Sara Escudero Mujika (A Saila): Punta Motz eta Agurra dantzatuko ditu.
  • Yisha Wang Xu (B Saila): Erribera eta Legazpi Zortzikoa dantzatu beharko ditu.

Txapelketaren xehetasun guztiak gaur, maiatzak 12, emango dira ezagutzera Errenteriako Lekuona Fabrikan egingo den prentsaurrekoan. Bertan izango dira Jon Dorronsoro (Sustraiak Dantza Taldea), Juantxo Maya eta Mikel Olaskoaga (Erein Elkartea) eta Estibalitz Iturria (Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra).

Legazpiar guztiak gonbidatuta zaudete larunbatean Azokara hurbiltzera, herriko dantzariak animatzera eta gure kulturaz gozatzera.