Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Korosti Dantza Taldeak gure kultura Kosovora eraman du, Nazioarteko Folklore Jaialdian

2025/09/07
Korosti Dantza Taldeak gure kultura Kosovora eraman du, Nazioarteko Folklore Jaialdian

Uztailaren 27tik abuztuaren 2ra, Korosti dantza taldeko 28 kidek Kosovora bidaiatu zuten International Folklore Festival Dance and Rites ''N' Karadak Krisin Tupanat'' jaialdian parte hartzeko. Cioff-ek antolatzen duen jaialdietako bat da hau.

CIOFF, Folklore eta Herri Arteen Jaialdien Erakundeen Nazioarteko Kontseilua, kultura tradizionala eta folklorearen kontserbazioa eta sustapena helburu duen gobernuz kanpoko erakunde globala da.

1970ean sortua Confolens-en (Frantzia), gaur egun 80 herrialde baino gehiagotan dago eta 300 jaialdi inguru babesten ditu mundu osoan. UNESCOren bazkide ofizial gisa, eta Ondare Kultural Ez-materialaren Batzordean akreditatua, CIOFF-ek ondare kultural ez-materiala babesteko lan egiten du, musika, dantza, erritu eta artisautza tradizionaletan arreta berezia jarriz.

Bertan 4 hirietan eskaini ahal izan du Korostik bere ikuskizuna, beste 6 herrialdetako (Mexiko, Brasil, Sizilia, Turkia, Chipre del norte, Bulgaria) dantza taldeekin batera.

Ikuskizunetan parte hartzeaz gain, dantzari legazpiarrek turismo pixka bat ere egiteko aukera izan dute, bertako hainbat bitxikeria ezagutuz, eta motxila bete esperientzi ekarri dituztela aitortzen dute. Bertako jendeari eta gainontzeko taldeei Euskal Herriko jantzi, usadio, dantza eta bestelakoak ere erakusteko aukera izan dute. Aipatzekoa da hiri desberdinetan egin ahal izan dituzten txulalai eta kalejira erraldoiak, benetan giroa alaituz!

Mexikarrekin izugarrizko harreman polita sortu dute, baino baita gainontzeko taldeekin ere, eta Korostiko kideek diotenez, “zeinek daki, agian hemendik gutxira Legazpin ikusi ahal izango dugu talde hauetakoren bat!”.

Bidaia amaitzeko antolakuntzakoei ohorezko aurreskua eta Euskal txapela oparitu zieten, Euskal Herria eta Korosti ahaztu ez dezaten.