Legazpik Futbol 7 Txapelketako final handia hartuko du larunbat honetan

Larunbat honetan, hilak 4, Legazpi Futbol 7 Txapelketako final handiaren agertoki izango da. Urtero garai honetan ospatzen den hitzordu hau urteko kirol ekitaldirik esperoenetako bat da, eta jokalariak, jokalari ohiak zein zale ugari bilduko ditu.
Azken asteotan, gizonezkoen, emakumezkoen eta mistoen kategorietako 37 taldek parte hartu dute txapelketan. Guztira, 500 jokalari inguruk hartu dute parte, eta lehia bizien ondoren, aurtengo txapeldunak nor izango diren erabakitzeko unea iritsi da.
Azken partidak Irene Paredes Kirol Gunean jokatuko dira. 11:00etan, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Olimpia FC eta Patrulla. Ondoren, 12:30ean, Bayern de los Caidos eta Tzelzi FT jokatuko dute txapelaren bila.
Sari banaketa 14:00etan egingo da.
Ondoren, 15:00etan, herri bazkaria egingo da Azokan, eta 400 lagun ingururen parte-hartzea aurreikusten da. Jardunaldiari amaiera emateko, 17:45etik aurrera, elektrotxarangak Legazpiko kaleak girotuko ditu, musikaz eta giro bikainaz egunari amaiera emanez.
Aurtengo kartelaren egilea @ainhoa_71_ da.
Goza dezagun jaiaz eta futbolez!