Frutaren Asteak ehunka herritar aktibatu zituen AktiBATU Legazpi egitasmoan, eta bide beretik jarraituko du urrian

Maiatzaren 25etik 31ra bitartean Frutaren Astea ospatu da Legazpin, herritarren artean elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko eta fruta-kontsumoa bultzatzeko helburuarekin.
Ekimenak hiru urratseko dinamika izan du: fruta ale bat jasotzea, fruta kontsumitzearen onuren berri izatea eta eguneroko ohiturak neurtzeko galdetegi bat betetzea. Lan horretan ezinbestekoa izan da Garaguneko erabiltzaileen laguntza, fruta herriko hainbat gunetan banatu baitute, hala nola Kiroldegian, Osasun Zentroan eta Gizarte Zentroan. Erronkak harrera bikaina izan du eta guztira 300 lagun inguruk parte hartu dute, gehienbat emakumeak (%70), batez besteko adina 49,37 urtekoa izanik. Jasotako datuek legazpiarren ohitura osasuntsuak utzi dituzte agerian: 30 lagunek adierazi dute egunean fruta ale bat edo bat ere ez dutela kontsumitzen; 77 lagunek egunean bi fruta ale jaten dituztela esan dute; eta gehiengo zabal batek, 184 lagunek hain zuzen ere, egunean hiru fruta ale edo gehiago kontsumitzen dituztela ziurtatu du, nutrizio-gomendio nagusiekin bat eginez.
HEMEN DATUAK
Arrakasta handiko ekimen hau, ordea, ez da ekintza isolatu bat izan, herritarrak aktibatzeko asmoz martxan dagoen AktiBATU Legazpi egitasmo handiago baten barruan kokatzen baita. AktiBATU Legazpi herritar guztiei zuzendutako doako zerbitzua da, bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokituz bizi-ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzea helburu duena. Zerbitzu honen helburu nagusia legazpiarren ongizatea hobetzea da, komunitate indartsuago, osasuntsuago eta parte-hartzaileago baten bidez. Norabide horretan, urteko plangintza zehatz bati jarraituz, orain arte hainbat lan egin dira. Urteko lehen hiruhilekoan, otsailetik martxora bitartean, Jarduera Fisikoa izan zen ardatz nagusia eta bertan igerilekuko erronka, belaunaldien arteko dinamika eta indar ariketen eskuorrien banaketa egin ziren. Gainera, lehen hiruhilekoan formakuntza berezia eman zitzaien Garagune eta Meaztiko profesionalei bertako erabiltzaileei ariketa fisikoa egiten irakasteko, eta bide horretatik etorri da orain Frutaren Astean Garagunerekin izan dugun elkarlan arrakastatsua.
Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten legazpiar guztiei eta lagundu duten zerbitzu zein eragileei, eta gogorarazi nahi diegu AktiBATU Legazpi orientazio zerbitzua zabalik dagoela herritar guztientzat doan, ohitura osasuntsuak bultzatzen jarraitzeko.
Behin udako oporraldia igarota, datorren urritik abendura bitartean, urteko hirugarren eta azken kanpaina jarriko da abian, Gaixotasun Kronikoen ingurukoa hain zuzen ere. Hiruhileko berri honen helburua izango da gaixotasun kronikoak dituzten herritarrei bizi-kalitatea hobetzen laguntzea eta prebentzioa lantzea, bakoitzaren egoerara egokitutako jarraibide eta jarduerekin, herritarrak aktibatzeko eta Legazpi osasuntsuago bat elkarrekin eraikitzeko bideari jarraipena emanez.
Udalak lanean jarraituko du herria eta herritarrak mugiarazteko, gure osasuna baita altxorrik handiena, eta horregatik dei egiten diegu legazpiar guztiei urrian abian jarriko diren ekintza berrietan aktiboki parte hartzen jarrai dezaten.

