Jon Andoni Martin argazkilariak legazpiarren erretratuak egingo ditu apirilaren 29an Kolodioi hezearen teknika erabiliz

Argazkilari azkoitiarra da Jon Andoni Martin eta datorren apirialren 29an Legazpin izango da. Herriko argazkiak egingo ditu Daguerrotipo teknikarekin eta, horretaz gain, animatzen diren legazpiarren erretratuak ere egingo ditu kolodioi hezearen teknika erabiliz.
Apirilaren 29an, asteartea, egongo da argazkilaria udaletxe ondoan, goiz eta arratsaldez, Katilu pareko arkupean. Bertan muntatuko ditu bere laborategia eta estudioa, eta gerturatzen direnn herritarren erretratuak egingo ditu doan, Legazpiko Udalak sustatuta.
Argazki hauekin eta beste batzuekin erakusketa bat egingo da Joan Kruz ileapaindegian eta Katilu tabernan maiatzaren 12tik hasita eta ekainaren amaiera arte. Ondoren, egindako erretratuak herritarrei oparituko zaizkie eta Legazpiko Udalak ere egindako daguerrotipoak jasoko ditu.
Zer da kolodioi hezea?
Kolodioi hezearen teknika fotografikoa Gustave Le Gray-k deskribatu zuen aurrena, eta Frederick Scott Archer-ek sintetizatu zuen azkenik 1851n. Argazkilaritza munduko lehenengo iraultza demokratizatzaile handia eragin zuen horrek, argazkiak egitea jende askoren eskura jarri zuelako; izan ere, daguerrotipoa bezalako beste teknika batzuk garestiago eta arriskutsuagoak ziren.
Hala eta guztiz ere, kolodioi hezearen teknikak lotura berbera du artisautza eta alkimiarekin eta argazkilaritzarekin; batere zer ikusirik ez du oraingo gure mugikor eta gailu digitalekin. Argazkilaria da prozesu osoaren arduraduna. Baliabideak prestatuz hasten da, plaka garatzerakoan eragiten duten kimikoak nahastu, une oro dena kontrolatuz giro-baldintzak egokiak izan daitezen, eta elementu kimikoen batura hauskor horrek bere lana egin dezan.
Kolodioia isurtzearekin hasten da prozesua. Filma fotografikoaren lana egingo du horrek aluminiozko edo beirazko plakaren gainean. Ondoren, ordurako emultsionatutako plaka zilar-nitratoko bainu batean murgilaraziko dugu minutu batzuetan. Une horretan, erreakzioa sortuko da kolodioian esekita dauden gatzekin, eta fotosentikor bihurtuko da plaka. Materia sentikorra eskuratu dugunean, plaka txasis batean sartuko dugu ilunpeko baldintzetan, eta txasis hori kargatuko dugu kameran.
Orduan, argazkia egiten jarriko dugu arreta osoa. Horretarako, segundo batzuetako esposizioa beharko dugu, eta argazkian agertuko dena erabat geldi egon beharko du. Hori eginda, txasisa kameratik aterako dugu, eta laborategira eraman. Han errebelatze klasikoko hiru faseak pasako ditu, eta azken emaitza eskainiko digu. Artean ere kontu handiz garbitu, lehortu eta bernizatu beharko da argazkia bere iraupen luzeko propietateak bereganatu bitartean.
Bai era sinesgaitzean zehaztutako kolodioi-argazkilaritzaren ezaugarri estetikoak, eta baita artisau prozesu partikularrak ere, berekin dakartzan inperfekzio guztiekin, kolodioiarekin egindako argazkiak objektu bakan bihurtzen dituzte, birtualki erreplikaezinak; haiek eskuratzeko behar diren materialak eta denbora baino balio handiagoa dute berez.
Kolodioiarekin argazki bat egitea etxera eramateko aluminiozko plaka edo paretan zintzilik jartzeko erreprodukzioa baino askoz ere gehiago da: prozesu fotografikoa ikusteko esperientzia da, hasieran sorrarazi zuten bezalaxe, geure begien aurrean: material esentzialetatik –argia, zilarra eta denbora– bere osagaien batura baino gehiago den produktua eskuratzea. Eta, gainera, bizi garen abiada beteko kontsumo garai honetan ez da horrelakorik gertatzen;