Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Izpien txokoaren txartelak itzuli eta zerbitzua baloratzeko galdetegia

2025/07/09
Izpien txokoaren txartelak itzuli eta zerbitzua baloratzeko galdetegia

Agirre-Etxeberriko beheko solairuko areto nagusian dagoen Izpien txokoa uztailaren 6ra arte erabiltzeko aukera izan dute 0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzen familiek. Herriko beste haur batzuekin jolasten eta elkarrekin bizitzen ikasteko lekua izan dute, haien sormena, garapena eta gozamena sustatuz.

Datorren ikasturtean Izpien txokoa erabili ahal izateko, sarbide-txartela egokitu egin behar zaie 0 eta 3 urte bitarteko erabiltzaileei. Hori dela eta, uztailaren 15a baino lehen itzuli egin beharko dira Kultur Etxeko harreran, 9:00etatik 14:00etara.

Bestalde, esperientzia berri honetan parte hartu duten familien iritzia jasotzen ari gara egun hauetan, eta datozen egunetan prestatuko dugu irailetik aurrera abian jarriko dugun eskaintza.

Izpien txokoa abenduaren 19an ireki zen, eta Pazko astean ezik, egunero irekita egon da 9:30etik 20:30era. Guztira 91 txartel banatu dira. Eskatzaile gehienak emakumeak badira ere (% 75), gizonek gero eta eskaera gehiago izapidetu dituzte (% 25). Familia gehienek 0-3 urteko seme-alaba bakarra (% 81) dute edo bi (% 19) .

Eskatzailearen ama-hizkuntzari dagokionez, 10etik 8k (% 81) euskara dute ama-hizkuntza, eta 10etik 2k (% 19) gaztelania edo beste hizkuntza batzuk. Jatorria kontuan hartuta, % 84 Euskadikoak dira, % 2 estatukoak eta % 14 beste herrialde batzuetakoak.