Urriaren 28an, ate irekien jardunaldia Nerabeentzako Zerbitzuan

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak ate irekien jardunaldia antolatu du Nerabeentzako Zerbitzua ezagutarazteko. Jardunaldia DBHko 1. mailako ikasleei eta DBHko 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikasleen familiei zuzenduta dago.
Goizean, DBHko 1. mailako ikasleek, irakasleekin batera, zerbitzuaren funtzionamendua eta bertan lanean ari den profesional-talde berria ezagutzeko aukera izango dute. Bisitak eskola-ordutegian egingo dira: 10:30ean Haztegi Ikastolako ikasleak joango dira, eta 11:30ean, Olazabal Institutukoak.
Arratsaldean, 18:00etan, Gazte-txokoan, DBHko 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikasleen familientzako saioa egingo da. Aukera paregabea izango da udal-baliabide hau bertatik bertara ezagutzeko eta profesional-taldeak nerabezaroan egiten duen bidelaguntza-lana zertan datzan jakiteko. Izan ere, taldeak nerabeen ongizatea sustatzen du, ingurune seguru, babesle eta tratu onean oinarritutako batean.
Oraindik ez duzu Nerabeentzako Zerbitzua ezagutzen? Hau aukera ezin hobea da hurbiltzeko! Zerbitzua ezagutzen duten familiak zein oraindik harremanik izan ez dutenak Gazte-txokora hurbiltzera gonbidatzen ditugu, zer eskaintzen duen, profesional-taldeak nola lan egiten duen eta haien seme-alabek nola parte har dezaketen ezagutzera. Zalantzak argitzeko eta udal-baliabide honek eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko gunea ere izango da.
Nerabeentzako Zerbitzua 11 eta 17 urte bitarteko Legazpiko nerabe guztiei zuzendutako udal-zerbitzu sozio-hezitzailea da. Nerabeen garapenean laguntzea du helburu, aktiboki parte hartzeko, aisialdiaz gozatzeko, lagunekin harremanak izateko eta eguneroko jardueretan euskara erabiltzeko espazioak eta aukerak eskainiz.
Horretarako, zerbitzua nerabeak dauden lekuetara hurbiltzen da: Gazte-txokora, kalera eta sare sozialetara.
Urriaren 28an zuen zain izango gaituzue, zerbitzua hobeto ezagutzeko eta Legazpiko nerabeei eskaintzen dien guztia deskubritzeko!