Sorgintxulo Taldea udalekura abiatu da, uztailaren 30era arte

Sorgintxulo Aisialdi taldeak ilusioz prestatu du aurtengo udalekua, Burgosko Hortiguela herrian, uztailaren 16tik 30era.
Joan den astean begirale talde bat abiatu zen hasierako muntaketa egiteko, eta astelehenean, udal-kamioia aprobetxatuz, beste material batzuk bildu zituzten, eta dena prest dute gazteak iritsi zain. Atzo goizeko 10:30ean, DBHko 53 gazte eta zeinbait begirale autobusez abiatu ziren.
Udalekuaren helburuak gazteen eta begiraleen arteko harremanak sustatzea, euskaraz hitz egitea eta Legazpitik irtetea dira, teknologia alde batera utzita, naturarekin harremanak izateko.
Sorgintxulo taldeak ibilbide luzea egin du udalekuak antolatzen. 1998an sortu zen, eta orduz geroztik hainbat jarduera antolatu ditu, gehienak Gaztela eta Leonen, baina baita Errioxan ere.
Taldeko begiraleak boluntarioak dira. Ordu asko ematen dituzte udalekua prestatzen, beste erkidego eta udal batzuen eskakizunak betetzen eta dirulaguntzen eskaerak bideratzen. Besteak beste, taldeak Legazpiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jasotzen du.
Uztailaren 30ean arratsaldean itzuliko dira eta bete-betean murgilduko dira San Ignazio auzoko festetan, erdialdeko kaleetan ohikoa den kalejira egin ondoren.
Ondo pasa udalekuetan!
