Herriko ikastetxeetako ikasgelak espazio zainduak eta seguruak izan daitezen, ongizate emozionalaren bueltan lanean
2025/06/10

Legazpiko Hezkuntza Mahaia 2024 urte hasieran sortu zen, herriko hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileak modu eraginkorrean koordinatzeko eta herriko hezkuntza errealitateari dagozkion erronkak modu partekatuan lantzeko espazio gisa.
Mahaiak 2024-2025 ikasturteko plangintzan identifikatutako lan-ildoetako bat izan da Legazpiko haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala kaltetzen duten problematiken inguruan hausnarketa egitea. Eta horrekin batera, ondoezei erantzun eta egoera hobetu ahal izateko, esku-hartze lerroak identifikatzea.
Ildo horretatik, ongizate emozionalaren gaian haur eta nerabeen ahotsa erdigunean jarri asmoz, lanketa bat egin da Legazpiko LH6ko eta DBH3ko ikasleekin.
Zehazki, herriko ikasgelak espazio zainduak eta seguruak izan daitezen, ongizate emozionalaren gaia landu da, begirada berdinen arteko harreman eta portaeretan eta horiek haur eta nerabeen ongizate emozionalean duten eraginean jarrita.
Ekainaren 12an, lanketan parte hartu duten 160 ikasle inguru elkartuko dira Azokan, eta hitzordu hori baliatuko da herriari eta udal gobernuko ordezkariei egindako lana aurkezteko, ikasleen arteko harremanetan eragiteko eta ikastetxeetan egindako lanketetatik abiatuta, guztion artean herri mailarako dekalogo bateratu bat sortzeko.