Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Herri Danborrada maiatzaren 2an

2025/05/02
Herri Danborrada maiatzaren 2an

Aurten Legazpiko Herri Danborradak urtez urte ematen den parte hartze handia dela eta, herriko auzo desberdinetara gerturatzea erabaki du, eta hiru zutabetan joango dira.

Partaide kopuruari dagokionez, une honetan (2025ko apirilak 13) 528 parte hartzaile daude izena emanda konpainia ezberdinetan. Honi gehitu behar zaizkio figuranteak (20 inguru) eta Legazpiko Musika Bandako kideak eta errefortzuak eta Trapalata txarangako parte hartzaileak. Aurtengoan gainera bi konpainia berri izango dira: Sustraiak Dantza Taldea eta Andraitz Saskibaloi taldea.

Honakoa izango da aurtengo plangintza:

Bi zutabek, betiko moduan Laubiden emango diote hasiera 22:30etan. Hauetako bat, 1. Ibilbidea, Santikutz kalean behera, Eliza pareraino eta lehen zutabearekin bat eginez Kale Zaharretik aurrera.

Bestea,  2. Ibilbidea, San Inaziorantz  joango da, Juanastegi, Itxaropen eta Gaztetxetik behera jarraituz.

Hirugarren zutabea ere , 3. Ibilbidea, 22:30ean abiatuko da, baina Aizkorri kalean, buelta eginez Bikuña-Enea plazan abesti batzuk jo eta gero Plazaolarantz abiatuko da frontoi atzetik Xarpot parera eta errotondaraino Plazaola Kalea zeharkatuz. Errotonda pasata gainontzeko zutabeekin elkartuko da denak batera Kale Nagusitik Plazarainoko bidea egiteko.

Urtero eta tradizioa jarraituz 00:00etan emango zaio hasiera azken ospakizunari udaletxe aurrean.

Bestalde, euria egiteko aurreikuspena egongo balitz, danborradaren izaera anitza, partehartzailea eta zabala kontuan edukita, polita eta beharrezkoa iruditzen zaigu, nahiz eta euria egin, ekintza honek herriko espazio edo leku ezberdinetan presentzia izatea. Horrela, danborradako hiru ibilbideak kontuan izanda, herrian zehar hiru danborrada txiki antolatuko dira:

 

  1. 1. ibilbidea osatzen duten konpainiak (Plazaola, Urtatza, Hegialde, Haztegi, Uztano eta Sukaldariak) Domingo Agirreko frontoian (197 partaide, gehi 10 figurante inguru, gehi banda). Animaliak ez lirateke irtengo
  2. 2. ibilbidea osatzen duten konpainiak (Gaztetxea, Arraseta, Sorgintxulo, Sustraiak) Urbeltz Pilotalekuan  (169 partaide, gehi 6 figurante inguru, gehi banda).  Animaliak ez lirateke irtengo. 
  3. 3. ibilbidea osatzen duten konpainiak (Lekanazpi, La Salle eta Andraitz) Bikuña Enea plazako arkupeetan (162 partaide, gehi 5 figurante, gehi Trapalata txaranga)

Eguraldiaren aurreikuspena ikusita, bezperan (maiatzaren 1ean) erabakiko litzateke plan honekin jarraitu edo ez. Jarraitzea balitz, maiatzaren 2an konpainia bakoitzeko kideak 23:30etarako joango lirateke dagokien lekura zuzenean. Han formatuko lirateke konpainiak eta dagozkien abestiak jo. 24:00tan Legazpiko ereserkia joko litzateke.