Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Gobernu-taldeak oso balantze positiboa egiten du legegintzaldi honetako lehen bi urteei buruz

2025/07/02
Gobernu-taldeak oso balantze positiboa egiten du legegintzaldi honetako lehen bi urteei buruz

Legazpiko Udaleko gobernu taldeak oso balorazio positiboa egin du legegintzaldiko lehen bi urteei buruz, agintaldiaren erdialdera iristean, hain zuzen ere. Asko izan dira burutu diren ekintzak; proiektu ugari garatu dira, beste hainbeste martxan daude eta beste batzuk hurrengo urteetarako daude jada buruan.


Jarduera asko barne mailan egin badira ere, ekintza eta proiektu nabarmenenen zerrenda osatu da, orain arte egindako lanaren balioa nabarmendu nahiean.

Gobernu taldeak kemen eta ilusio berarekin lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, orain arte bezala herritarrei aktiboki entzunez, guztion artean Legazpi hobe bat eraikitzeko helburu komunarekin.


Herritarrentzako arreta
Eremu honetan, herritarrekiko hurbiltasuna eta kidetasun-sentimendua sustatzen duten ekintzak bultzatu dira. Horien artean nabarmentzekoak dira jaioberriei ongietorria egiteko ekitaldia, herritar berriei ongietorria egiteko gida bat egitea, eta tokiko "enbaxadoreen" figura, lotura komunitarioa indartzen eta integrazioa errazten dutenak.


Gizarte-ongizatea
Eguneko Arreta Zerbitzua Ezkurreneara aldatu da, oso balorazio positiboarekin. Ildo beretik, Ezkurreneako proiektuak aurrera jarraituko du partaidetza-ereduaren arabera, eta hori gauzatzeko finantzaketa eskatu da. Arreta-sistema ere berregituratu da, erantzun-denborak hobetzeko eta kalitate handiagoa bermatzeko; gainera, irizpide berriak eta programa berritu bat lantzen ari gara, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) errazago eskuratzeko. Era berean, atzerritar jatorriko pertsonen diagnostikoa egin da, egungo egoera ezagutzeko eta harreran lan egiteko. Zainketen ekosistema bat garatzen ari da. Berdintasunaren arloan, lehen urratsak eman dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plan Orokorra ezartzeko. Azkenik, gizarte-zentroan teilatua berritzeko proiektua amaitu da, hura finantzatzeko laguntzak eskatu dira eta taberna-jantokiaren kudeaketa esleitu da.


Kultura
Kultur programazioak bultzada handia izan du zinema komertziala udalerrira itzultzean, antzerki-eskaintza egonkor eta askotarikoa sendotzean eta Hotz Legazpi elkartearekin batera Kulturen Arteko Eguna berreskuratzean. Neurri hauek azpimarragarriak dira herriko bizitza kulturala dinamizatzen jarraitzeko.


Gazteria
Gazteentzako Treba programaren eta nerabeentzako programaren aldeko apustuarekin jarraitzen da.

Obrak eta hirigintza
Bi urte hauetan zehar obra-plan bat garatu da, honek berrikuntza desberdinak mahaigaineratu dituelarik: irisgarritasuna hobetzea (San Juan eta Bikuñako espaloiak beheratzea), azpiegiturak berritzea (Itxaropeneko eskailerak eta arrapalak, San Inazioko arkupea, San Inazio-Laubideko eskailerak konpontzea), San Inazion txakur-parke bat sortzea edo Urtatzako aparkalekua (Goierri parean) egokitzea besteak beste. Nabarmentzekoak dira, halaber, San Martingo txabolak eraitsiko dituztela, lehengo pentsioa eraisteko proposamena egin eta lana burutu zela edo Segurajauregi etxea saldu dela. Gainera, Latxartegiren proiektua modu parte-hartzailean garatu da, baita Eraiki Dezagun Legazpi eta Legazpi Auzoetatik prozesuak aurrera eraman dira ere, herritarren entzute eta parte-hartzera bideratuak. Aipatzekoa da ere urrian Aizkorri kaleko birmoldaketa-obra hasiko dela; Udalak Papelerako lurzatian (gaur egun Lenburren jabetzakoa da) 200 etxebizitza eraikitzea bultzatzeko asmoa duela, eta aurrera jarraitzen duela Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenarekin, 2027rako behin betiko onarpena aurreikusita baitago.

Hezkuntza
Hezkuntza arloan, ikastetxeen, familien, musika eskolaren, nerabezaroko zerbitzuaren eta udalaren arteko lankidetza indartu da, Hezkuntza Mahaia sortuz, funtsezko gaiak jorratu direlarik, hala nola ongizate emozionala eta euskara. Altxa Burua programa bezalako ekimenak inplementatu dira, uztailean zaintza zerbitzua (haurtzaindegia-lehen hezkuntza) ahalbidetu da kontziliazioa errazteko; Izpien Txokoa familientzako gunea ireki da (0-3 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat) eta hezkuntza-eragileekin lankidetzan jarraituko du udalak, zerbitzu berriak eskaini ahal izateko.
 

Euskara
Euskararen arloari dagokionez, Legazpik udalerri euskaldun gisa duen zeregina sendotu nahi da, eta bide horretan herritarren parte-hartzea funtsezkoa da; beraz, parte-hartze prozesu baten bidez hainbat ekintza definituko dira eta gai honi merezi duen garrantzia emango zaio. Gainera, laster euskara indartzeko zerbitzu berria sortuko da.
 

Mugikortasuna
Mugikortasunari dagokionez, Renferen aldiriko zerbitzua mantentzea lortu zen, hasiera batean linearen obrek irauten zuten bitartean Legazpiko geldiunea kenduko zelako; eta Lurraldebus Goierri-Donostiaren zerbitzu berriaren parte izatea ere lortu da, urritik aurrera maiztasuna handitzeko helburuarekin. Junetorriren zerbitzu berria, modernoagoa eta berritzaileagoa, definitzeko lanak hasi dira.
 

Landa-garapena
Arrobi inguruko jarduerak gauzatu dira, eragileen arteko lankidetza estuarekin (abeltzainak, udala, Naturzaindia, Aldundia...). Taldekako ahalegin horrek Landaola Saria ekarri du, herriak landa-ingurunearen garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa aitortuz. Gainera, Baserritarren Batzordeak berraktibatu dira, inguruneko beharrei erantzuteko, entzuteko eta elkarrekin planifikatzeko.
 

Ingurumena
2030 Agendaren esparruan, uztailean TEK Legazpi energia-komunitatea jarriko da martxan, eta aterpe klimatikoen sare bat ere egingo da. Hondakinen bilketan ere zerbitzu berriak sartu dira: saltokietako paper eta kartoi bilketa berezia, komunitateko konpostaje-sistema berria eta Laubiden eta Plazaolan bi minigarbigune instalatzea.
Gainera, Udala amiantoaren arazoarekin konprometituta dago. Legazpi udalerri osoan elementu horrek duen presentziaren inbentarioa egiten ari den Euskadiko hiru udalerrietako bat da.
 

Kirola
Kirol eskaintza nabarmen hobetu da Bikuña kiroldegiko kantxan lurzorua aldatu delako, Irene Paredes kirol gunean LED argiteria berria jarri delako eta belarra ere berritu delako. Fitness gela (gimnasioa) ere birmoldatzen ari dira, haur eta familientzako igeriketa ikastaro berriak eskaini dira eta dantza garaikideko ikastaro bat ere jarri dira abian. Nabarmentzekoa da, halaber, KOZ – Aktibatu Legazpi Kirol Orientazio Zerbitzua abian jarri izana.

Komunikazioa
Arrakala digitala murrizteko eta informaziorako sarbidea hobetzeko helburuarekin, bi informazio-pantaila instalatu dira udalerrian, eta erakundeen arteko komunikazioa indartu da web, app eta sare sozialen bidez. Gainera, laster Legazpik irudi korporatibo modernoagoa eta gaurkotuagoa izango du.
 

Turismoa
Turismoaren arloan, Eduardo Chillidaren mendeurrenaren ospakizuna mugarri garrantzitsua izan da, urtean zehar antolatutako 16 ekitaldi baino gehiagorekin. Gainera, Erdi Aroko Azokaren ospakizunak hirigunearen partaidetza eta dinamizazio arrakastatsua ere ekarri du.
 

Merkataritza
Tokiko merkataritzari laguntzeko, dirulaguntza erakargarriagoak sortu dira eta lantalde bat eratu da ostalariekin eta merkatariekin. Talde honek tokiko eskaintzaren erakusleiho digital bat sortzeko eta belaunaldien arteko erreleboari buruzko diagnostiko bat egiteko lan egin du, etorkizuneko laguntza-ekintzak diseinatze aldera.
 

Bestelakoak
Bi musika-lokal berri sortzeko proiektu bat egin da; txakurrak trebatzeko ikastaroak antolatu dira, herritarren ongizatearen alderdi guztietan arreta jarriz, baita animaliekiko bizikidetzari dagokionez ere. San Inazion txorro-parke bat ere ireki da, txikienek gozatzeko. Parke hori klima-babeslekutzat hartu da.

Ezin dugu ahaztu "Zu" memoria-gunearen inaugurazioa. Hilerrian dago, eta leku berezia da goizegi abiatu zirenak gogoratzeko. Galera bat izan duten familientzat pentsatua, espazio hau haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta galdutako jaioberrien  dolura bideratuta dago, biltzeko eta oroitzeko ingurune bat eskainiz.


Azkenik, mugarri nabarmena izan da gobernantza onaren ELOGE zigilua lortu izana, Gobernantza eta Berrikuntza Demokratikoan Bikaintasuna lortzen duten tokiko gobernuentzat Europako Kontseiluaren aintzatespen handiena izanik.


Gobernu-taldeak azpimarratu nahi du, beste behin ere, herritarrei modu aktiboan entzuten jarraitzearen garrantzia. Legazpik aurrera egiten du guztion lankidetzarekin, eta horregatik herritarrak parte hartzera, proposatzera eta beren kezkak partekatzera animatu nahi ditu. Gobernu-taldearen inplikazioa, hurbiltasuna eta lanerako gaitasuna funtsezko zutabeak izango dira oraindik etortzeke dauden erronkei aurre egiteko, betiere guztion artean Legazpi gero eta hobea eraikitzeko helburuarekin.