Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako lehen faseko saioa otsailaren 6an, Legazpiko Gaztetxean

2026/01/29
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako lehen faseko saioa otsailaren 6an, Legazpiko Gaztetxean

57 talderekin hasiko da, inoiz baino parte hartze handiagoa izango duen, Hirugarren taldekako txapelketa izango den Herriartekoa. Aurreko biak 1999an eta 2017an izan ziren.  

Talde bakoitzak bost partaide izango ditu, gutxienez. Hiru bertsolari: saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute, baina taldean kide gehiago ere izan daitezke. Gai jartzaile eta epaile bana ere izan beharko dute taldeek. Eta ordezkari bat ere badute bilketa, komunikazio edo antolaketa lanak egiteko.

57 taldek hartuko dute parte herriartekoan. Guztira 350 pertsona arituko dira aurrez aipatu diren eginkizunak egiten. Aurreko Herriartekoetan, 24 eta 38 taldek eman zuten izena hurrenez-hurren, eta kopuru aldetik goranzko jauzia nabarmena izan da.

Faseei dagokionez, lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketa: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala.

Lehen fasea izango da akaso bereziena egitura aldetik. Gipuzkoako zortzi azpieskualde banatu dira faseak jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.

Lehen fase honetako Goierriko lehen saioa otsailaren 6an jokatuko da, ostirala, 19:00etan Legazpiko Gaztetxean. Zumarraga, Beasain eta Legazpi arituko dira kantuan. Beste bi saiok osatuko dute Goierriko kanporaketa. Besteak, Ordizian (13an) eta Ataunen (20an) izango dira.

Lehen fasearen ostean, bigarren fasea jokatuko da, lau saiorekin. Lehen fasean “irabaziko” duten zortzi talderen artean jokatuko dira saio hauek, eta eskualde bakoitzak izango du talde ordezkaria.

8 talde hauetatik 4 sailkatuko dira final-aurreko saioetara. Bi saio jokatuko dira fase honetan, areto handiagoetan.

Eta finala maiatzaren 30ean izango da, Aian, eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko da. Finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa izan nahi du egun honek, elkargunea. 

Azken faseetarako txartel guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira salgai martxoan.

Gipuzkoako Herriartekoa jarraitzeko www.bertsozale.eus  webgunean bilduko da informazio guztia, Herriartekoaren atarian: www.bertsozale.eus/gipuzkoa-herriartekoa-2026 . Sare sozialetan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez egingo zaio segimendua, #herriartekoa traola erabiliko dugu.