Euskaraldiaren hasierarekin bat eginez, hamaika egunetako lehiaketa jarri du abian Legazpiko Udalak

Maiatzaren 15etik 25era ospatuko da aurtengo Euskaraldia. Horrela, 11 egunez, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu “Elkar mugituz egingo dugu” lemapean.
Bihar abiatuko da Euskaraldia eta Legazpiko Udalak horrekin bat egin nahi du. Legazpiko Udalbatzak duela aste batzuk Euskaraldiarekin bat egiten zuela adierazi zuen eta gaur goizean horrela egin dute Udal langileek ere.
Euskaraldiaren hamaika egun hauetan ahobizi eta belarriprest izango gara herritarrok, eta, haratago iritsi eta gure herrian euskara bultzatzen jarraitzeko nahian, lehiaketa txiki bat aurrera eramango dugu. Bihartik aurrera, Legazpiko Udaleko Instagrameko profilaren bitartez, hamaika egunetan, euskara edota Euskaraldiaren inguruko galdera bana botako dugu, lau erantzun aukera eskainiz. Egun bakoitzeko galdera ongi erantzuten dutenen artean zozketa bat egingo da irabazlea aukeratuz. Maiatzaren 26an hamaika egunetako irabazle guztiak elkartu eta opariak banatuko ditugu.
Adi egon, animatu eta parte hartu!
Txapak jaso
Euskaraldia ariketan parte hartzea erabaki duten eta horretarako izena eman duten herritarrek txapa ondorengo lekuetan jaso dezakete:
- Udaletxeko harrera bulegoan, goizetik, 7:30etik 15:00etara
- Kultur Etxeko harreran, 15:00etik 20:00etara.