Euskaraldia 2025: Legazpi, herri euskaldun eta aktiboa

Euskaraldia 2025 amaitu da, eta Legazpin, beste behin, argi utzi dugu euskararen aldeko konpromisoa bizirik dagoela. Legazpin, guztira, 575 herritarrek hartu dute parte; 493 Ahobizi rola aukeratu dute eta 82 Belarriprest eta eguneroko ohituretan eragiteko borondatea agerian geratu da. Ez da ekimen sinboliko bat izan, baizik eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko urrats erreal bat.
Bestetik, 24 entitatek parte hartu dute: ikastetxeak, dendak, kirol-elkarteak, kultur-elkarteak, enpresak… Gure kaleetan, eskoletan, dendetan eta etxeetan euskaraz hitz egiteko hautua egin dugu. Baina aldi berean, gogoeta egiteko unea ere bada: zertan hobetu dezakegu? Nola zabaldu dezakegu erabilera gehiago?
Euskaraldia ez da 11 egunetako kontua. Urte osoko jarrera da, komunitate oso batek egunerokoan euskara gehiago eta hobeto erabiltzeko hartzen duen konpromisoa. Horregatik, Legazpik aurrera begiratu nahi du, eta Euskaraldia 2025etik harago, euskara bizitzeko eta biziberritzeko bideari eutsi nahi dio. Herri euskaldun bat eraikitzen jarraituko dugu, elkarlanean, auzolanean eta arduraz.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Zuek zarete aldaketaren eragile nagusiak. Eta gogoratu: hizkuntza-ohiturak aldatzea posible da, eta Legazpin badakigu bidea elkarrekin egitea dela gakoa.
Bukatzeko, instagram bidez egindako jolasean parte hartutako pertsona guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaiguke eta 11 sarituei zorionak!
Hemen ikusgai dituzue Euskaraldian hartutako zenbait argazki.