Eskolako agenda 2030 udal foroa ospatu da gaur

Gaur, maiatzak 27, Eskolako Agenda 2030 Udal Foroa ospatu da Legazpiko udaletxean. Aurten, Legazpiko ikasleek “Klima aldaketa eta aterpe klimatikoak, eta klima aldaketaren eragina osasunean” gaia landu dute.
Domingo Agirre eskolako, Haztegi ikastolako eta Olazabal Institutuko ikasleek ikasturte honetan egindako lana aurkeztu diete Eric Galvez alkateari eta Oscar Valbuena garapen iraunkorreko zinegotziari.
Ikasturte honetan, Legazpi klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko prest dagoen aztertu dute ikasleek. Horretarako, herritarrekin eta baserritarrekin hitz egin dute, eta herriko hainbat gune aztertu dituzte, babesleku klimatikoak izan daitezkeen ikusteko.
Azkenik, foro honetan parte hartu dutenek hainbat proposamen helarazi dizkiote udalari, hala nola: landare eta berdegune gehiago jartzea hirigunean, aterpe klimatikoak egokitzea, herritarrei informazio gehiago ematea,...
Udaletik eskerrak ematen dizkiegu ikasle eta irakasleei, ikasturte honetan gai interesgarri eta zail honetan egindako lanagatik.
Legazpiarrak ere animatu nahi ditugu Legazpi Klima 2030 Foroan parte hartzera. Foro hori ostegun honetan izango da, 18:00etan, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eta bertan Aterpe klimatikoen gaia ere jorratuko da.
