Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

“Elkargunearen eguna” irailaren 27an ospatuko da

2025/09/24
“Elkargunearen eguna” irailaren 27an ospatuko da

Irailaren 27an, lehen aldiz “Elkargunearen eguna“ ospatuko da Legazpin, 11:45etan hasi eta 14:00ak arte.  Mirandaolako “Elkargunea espazioan“ izango da eguraldia lagun badugu. Bestela museoan gauzatuko da.

Bizikidetzarako Herritar Foroak, orain dela 8 urte heldu zion bizikidetzaren alde lan egiteko ibilbide irmoari. Urte hauetan guztietan hainbat ekintza eta ekitaldi publiko gauzatu ditu, besteak beste:

  • Motibazio politikoak eragindako indarkeria, memoria eta gure iragan hurbilaren inguruko hainbat ekimen eta programa herritarrentzat.
  • Indarkeria politikoen biktimei 2022an egin zitzaien ekitaldi publikoaren antolaketa herriko beste hainbat eragileekin batera.
  • Herriko biktima desberdinekin entzute espazio diskretuak ahalbidetu ditu eta bi familiekin batera prozesu restauratibo baten lidergoa izan du 2 urtez.
  • Iaz Mirandolako museoan gauzatu zuten ekitaldi publikoa, bi biktimen presentziarekin “Elkagunea” espazioari ikusgarritasuna eman eta ordura arte egin zuten lana herritarrekin partekatzeko.

Oraingoan, ospatzeko garaia heldu da. “Elkarguneak“ bere egun propioa izatea nahi da, festa-giroan, herriko haur, gazte, nahiz helduekin. “Elkargunea” memoria espazioari bizitza eman nahi zaio eta herritar guztion eskura jarri, nahi duenak, bertan ekimen desberdinak sustatzeko. Giza eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko espazioa da, anitza, eta legazpiar guztiontzat eraikia. Beraz, aurten, lehen aldiz ospatu eta erabiliko da espazioa, baina giza eskubideen krisialdia bizi dugun garai honetan, beste edozein gairen inguruko lanketa egitera gonbidatu nahi dira herriko pertsona zein eragileak, bakoitza bere aldarrikapen eta proiektuekin, giza eskubideen defentsa inoiz baino beharrezkoagoa dugu.