Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Zein da zure Legazpiko txokorik gogokoena? Osatu dezagun 2027ko egutegia denon artean: 12 hilabete, 12 txoko kuttun

2026/08/28
Zein da zure Legazpiko txokorik gogokoena? Osatu dezagun 2027ko egutegia denon artean: 12 hilabete, 12 txoko kuttun

Herri honek bazter berezi ugari ditu: amonen ipuin artean ezagututakoak, ilunabarra ikusteko muino gogokoenak edo eguneroko bidean bakea ematen dizuten baso zein kale bazterrak. 2025ean Legazpi herriaz harro ekimenarekin gure harrotasun arrazoiak partekatu genituen, eta aurten kirola zein osasuna izan ditugu protagonista. Bide horri jarraipena emanez, 2027ko udal egutegia berriro ere denon artean osatu nahi dugu, gure herriko bazterrik berezienak argitara ateratzeko.

Aurtengo erronka: 12 hilabete, 12 txoko berezi

Asmoa sinplea da: urteko 12 hilabeteetan Legazpiko 12 txoko kuttun agertzea. Eta nor hobeto leku horiek hautatzeko legazpiarrak baino? Zure iritzia jakin nahi dugu berriro, herriko zein bazterrek duen zuretzat magia edo esanahi berezia argazki bidez datorren urteko egutegian ikusteko.

Parte hartzea oso erraza da eta minutu pare bat besterik ez dizu hartuko:

  • Bete online galdetegia: Sartu udal webgunean daukazun estekan, esan zein den zure txoko kuttuna eta kontatu iezaguzu zergatik den horren berezia zuretzat. ONLINE GALDETEGIA
  • Aurrez aurre: Galdetegi fisikoak ere eskura izango dituzu udaletxean, HAZ-en.
  • Epea: irailaren 20ra arte egongo da zabalik aukerak bidaltzeko epea.

Behin proposamen guztiak jasotakoan, herritarren artean errepikatuen eta berezienen moduan agertutako lekuak hautatuko dira egutegia jantziko duten 12 irudi nagusiak izateko.

Animatu eta parte hartu! Parte hartzaile guztien artean Legazpiko denda edota tabernatan gastatzeko 50€ bonoa zozketatuko da.