Txandak kudeatzeko tiket-sistema berria jarriko dugu martxan HAZ zerbitzuan

Legazpiko Udalak herritarrei zuzendutako zerbitzuak hobetzen eta modernizatzen jarraitzen du. Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) arreta ordenatuagoa, erosoagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko asmoz, astelehentik aurrera txandak kudeatzeko tiket-sistema berria jarriko dugu martxan.
Zerbitzu honen helburu nagusia herritar bakoitzari bere tramitea egiteko behar duen denbora eta arreta ziurtatzea da, itxaronaldiak modu lasai eta antolatuan kudeatuz.
Nola funtzionatuko du sistema berriak?
Herritarrentzat prozesua oso erraza eta erosoa izango da. Hona hemen jarraitu beharreko urratsak:
- Tiketa hartu: Bulegora sartzean, kanpoaldean dagoen makinan tiket bat hartu beharko duzu.
- Pantailari begiratu: Barruan jarri den pantaila berrian zure txanda noiz den ikusi ahal izango duzu.
- Dagokizun mahaira joan: HAZ bulegoan bi arreta-puntu egongo dira: A Mahaia eta B Mahaia. Pantailak argi eta garbi adieraziko dizu bi mahai horietako zeinetara joan behar duzun zure txanda denean.
Zer abantaila ekarriko dizkigu?
Sistema berri honekin, herritar bakoitzak arreta pertsonalizatuagoa, lasaiagoa eta etenik gabekoa jasoko du. Orain arte bezala, herritarrek txandaren zain egon beharko dute, baina abantai batekin: une oro jakingo dute noiz den euren txanda pantailari esker. Sistema honekin, "galdera azkarrak" edo "momentutxo bateko zalantzak" argitzeko egiten diren eteteak saihestuko dira; horrela, mahaian eserita dagoen herritarrari bere txanda errespetatuko zaio eta dagokion arreta osoa eskainiko zaio, inolako interferentziarik gabe.
Horrez gain, bulegoaren antolakuntza, erosotasuna eta konfidentzialtasuna hobetuko dira. Espazioa modu ordenatuagoan erabiliko da, eta arreta-zerbitzuko beste atal batzuk ere hobeto antolatuko dira; adibidez, telefono bidezko deiek ere euren espazio eta tarte propioa izango dute, aurrez aurreko arretan eraginik izan gabe.
Legazpiko Udaletik lanean jarraitzen dugu herritarrentzako zerbitzu hurbilagoa, eraginkorragoa eta modernoagoa eskaintzeko.
