Legazpi museo bizi bihurtuko da irailaren 19an eta 20an Burdin Festarekin

Jaialdiaren lehen edizioak ondarea, industria eta komunitatea uztartuko ditu bi egunez. Larunbatean, gainera, udalerriaren marka turistiko berria aurkeztuko da.
Irailaren 19an eta 20an Legazpik Burdin Festaren lehen edizioa hartuko du: bi eguneko jaialdia, udalerria museo bizi bihurtuko duena. Kaleetan, ondarean eta oroimen kolektiboan barrena doan ibilbide irekia izango da, non iragan industrialak oroitzapen izateari utzi eta esperientzia bihurtzen den.
Jaialdia Legazpiko Udalak, Lenbur Fundazioak, Burdinola Elkarteak, Legazpiko Zine Klubak eta Urola Garaiko Mankomunitateak sustatzen dute, eta gure nortasuna kulturaren, industriaren eta komunitatearen bidez berriz ezagutzeko gonbidapena da. Programazioa publiko guztientzat pentsatuta dago.
Asteburuko une nagusietako bat larunbatean, 12:30ean izango da, Bellotaren tutu-hotsak Martxa Urdinari abia emango dionean: langileen desfilea, Ezkurreneatik Udaletxeraino. Parte hartu nahi duenak lanerako buzo urdin bat jantzita etortzea besterik ez du behar. Ondoren, 12:45ean, Legazpiko marka turistiko berriaren aurkezpen ekitaldia egingo da Udaletxeko plazan, Sutan Ttakun txalaparta taldeak girotuta.
Bi egunetan zehar ondareak ateak zabalduko ditu: Langileen Ibilbidearen antzeztutako bisitak (Agirre-Etxeberri, Patricio Echeverriaren etxebizitza eta 50. hamarkadako eskola eta kapera) BAM! Bergara Antzerki Musikala Elkartearen antzelanarekin, udaletxeko eta elizako bisita gidatuak, Burdinola Elkartearen «Duela 100 urte» erakusketa euskaltegian, eta Lenbur Fundazioaren «Patricio Echeverria, mezenas» erakusketa Chillida Lantokin.
Horrekin batera, musika, dantza, bertsoak, zinema, artisau-postuak eta haurrentzako jolasak izango dira erdigunean, eta burdin-pintxoaren ibilbidea Legazpiko tabernetan: ekonomatuko kartilla osatzen duenak 100 €-ko bonu baten zozketan parte hartuko du.
Aldez aurretik izena ematea larunbateko elizarako bisitan bakarrik da beharrezkoa (organoa eta kanpandorrea).
Izan ere, garena egin gintuenak bizirik dirau. Eta jaialdi hau da hori partekatzeko modua.
