Irailaren 15era arte zabalik merkataritzan, ostalaritzan eta tokiko zerbitzuetan jarduera ekonomikoa sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea

Legazpiko Udalak 2026ko irailaren 15era arte izango du zabalik merkataritzan, ostalaritzan eta tokiko zerbitzuetan jarduera ekonomikoa sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea. Eskaerak Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira.
EGOITZA ELEKTRONIKOA
2026rako bi laguntza-ildo nagusi jarri dira abian tokiko ekonomia indartzeko:
- Merkataritza-lokalak berritzea eta ekipamendua: Lehen laguntza-ildo honen bidez, lokalak berritzeko inbertsioak eta gastuak lagunduko dira, baita jarduera garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak eta makineria erostea ere.
- Negozio berriak eta erreleboa: Bigarren laguntza-ildoak enpresa-ekimen berriak martxan jartzeko edo lehendik dagoen negozio baten eskualdaketa (traspasoa) egiteko gastuak lagunduko ditu.
Dirulaguntzen zenbatekoa eta onuradunak
Onartutako inbertsio eta gastuen % 40ko dirulaguntza emango da, gehienez 1.200 euro establezimendu eta urte bakoitzeko. Guztira, Udalak 20.000 euroko aurrekontua bideratu du deialdi honetara.
Laguntza hauek 10 langile baino gutxiago eta 2.000.000 euro baino gutxiagoko fakturazioa duten enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) dira. Jarduera nagusia txikizkako merkataritza, ostalaritza edo pertsonei zuzendutako zerbitzuak izan behar du, eta negozioak jendearentzat irekita egon behar du ohiko ordutegian.
2025eko balantze positiboa
Iazko datuek erakusten dute laguntza-programak harrera ona izan zuela herrian: - 27 jarduerek eskatu zuten dirulaguntza eta horietatik 26k jaso zuten.
- Udalak guztira 19.741,78 euro bideratu zituen laguntzetara.
- Onuradunek egindako inbertsioa, guztira, 76.069,43 eurokoa izan zen.
Lagundutako proiektuen artean, lokala margotzea, altzariak berritzea, tresneria espezializatua erostea (laser makinak, ordenagailuak, korrika egiteko zintak) edo negozioen eskualdaketak egon ziren.
Baldintzak eta epeak
Laguntza hauek eskuratzeko, jarduera ekonomikoa Legazpin kokatutako lokal batean garatu behar da, Gizarte Segurantzan alta emanda egon eta zerga-betebeharrak egunean izan.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 15ean, 15:00etan, amaituko da. Aurkeztutako fakturek 2025eko irailaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitarteko data izan beharko dute.