Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

GUNE nekazari elkarteak inkesta bat abian jarri du

2026/02/20
GUNE nekazari elkarteak inkesta bat abian jarri du

GUNE elkarteak eskualdeko baserritarrei bideratutako inkesta bat jarri du martxan beraien eta sektorearen egungo egoera, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko helburuarekin. 

Lehen sektoreak biziraupen-krisi larria bizi duela agerikoa da Gipuzkoa osoan. Azken hamabost urteetan, nekazari eta abeltzainen %90ak lan-jarduera nagusi izateari utzi dio Euskadin. Horrek erakusten du sektorearen eredua indartu beharra dagoela. Noski, joera orokor horrek bere eragina du eskualde honetan ere.

Azken hilabeteotan inguruko herri eta auzoetako elkarteetako ekoizle eta baserritarrek indarrak batu dituzte duela 30 urte sortutako GUNE Elkartea berraktibatzeko. Helburua da elkartea sendotzea eta NEKALDE makinaria elkartearen zerbitzuak bermatu eta hobetzea; horretarako, aurretiazko lanketa sendoa egin da tokiko erakundeekin (Mankomunitatea, Uggasa, Goimen eta eskualdeko lau udalak) lankidetzan.

Aurre-lanketa hau borobiltzeko, GUNEk inkesta honetan parte hartzera animatu nahi ditu baserritar guztiak. Izan ere, Inkestan bildutako datuek aukera emango dute GUNE berri bat irudikatu, eta hurrengo urteetako pausuak modu eraginkor batean bideratzen.

GALDETEGIA BETE

Belaunaldi berriak eta tokiko erakundeen babesa

Belaunaldi berriek hartu dute ibilbide berri honen bultzada eta Mankomunitatea, udalekin batera, prest dituzte elkarlanerako.

Egia da Urola Garaiak dinamika berezia izan duela nekazaritzan eta landa munduan, eta orain, une polita bizi du dinamika horiek berreskuratzeko belaunaldi berrien eskutik.
GUNE elkartearen oinarriak elkarlanean landu dira:

  • Baserritarren eta landa eremuan bizi direnen elkar gunea izango da. Baserriko mundu zabal eta anitzaren beharrei aurre egiteko, informazioa elkarbanatu, behar komunak identifikatu eta aukerak lantzeko espazioa eta lotura puntua da. Beti ere, eskualdeko baserritarren eta landa eremuko bizimoduaren kalitatea babesteko eta hobetzeko helburuarekin.
  • Proiektu desberdinak bilduko ditu bere baitan eta berriak ere abiatuko ditu. Egun NEKALDEk ematen dituen zerbitzuak eguneratu, dibertsifikatu eta indartuko ditu eta Bertatik Bertara egitasmoa ere barneratuko du.
  • Erreferentziazko puntu bilakatuko da eskualdeko baserri munduan. Zerbitzuak eta aholkularitza eskainiko du, eta erakunde desberdinekin, zein gizarte-eragileekin erreferentziazko ahotsa izan nahi du.
  • Kide bakoitzaren autonomia eta izaera mantenduz elkarte irekia, inklusiboa eta ez baztertzaile moduan proposatzen da. Laguntasuna eta elkarlana eskainiz.