Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Agorreko Santikutzetan Puntu Morea egongo da berriro, jai seguru eta berdintasunaren aldeko apustuan

2026/09/09
Agorreko Santikutzetan Puntu Morea egongo da berriro, jai seguru eta berdintasunaren aldeko apustuan

Puntu Morearen zerbitzua berriro aktibatuko dugu irailaren 11tik 13ra bitartean ospatuko diren Agorreko Santikutzetan. Maiatzeko jaietan lehen esperientzia martxan jarri ondoren, zerbitzu hau berriz eskaintzea erabaki dugu, formatua berrituz eta erantzun eraginkorragoa emateko egokituz, eraso sexista zein sexualik gabeko jai eremuak bermatzeko asmoz. 

Herri osoan erantzun bateratu eta koordinatua lortzeko, Udalak herriko ostalariekin eta txoznetako eragileekin bilera egin du formakuntza saio bat bideratuz. Topaketa honen helburua ostalaritzako langileei eta jaietako eragileei prebentzio zein jarduera-tresnak helaraztea izan da, eraso baten aurrean herri mailako protokolo berdina jarrai dezaten.

Bestalde, jaia igarotzen den lekuetan eraso matxistak saihesteko eta salatzeko informazioa zabalduko da. 

Puntu Morea
Puntu Morearen helburu nagusia herritarrak sentsibilizatzea da, argi utziz jaietan indarkeria matxistarik edota sexistarik ez dela onartuko eta erantzun komunitarioa ezinbestekoa dela. Hortaz, eta sentsibilizazio lan hau aurrera eraman ahal izateko, txozna gunearen ondoan Puntu Morea-ren karpa kokatuko da, Sortzen enpresako langilean izango ditugu bertan eta hauek ostiralean eta larunbatean gaueko 23.00etatik goizeko 2.00etara sentsibilizazio lanetan arituko dira.

Lekuko izanez gero edo eraso bat jasan izanez gero, pauta nagusi batzuk kontuan hartzea eskatzen da: 

  • Enpatia eta biktima ez epaitzea: Biktima lagundu, ez zalantzan jarri eta bere erabakiak errespetatu.
  • Laguntza eskaini eta ez bakarrik utzi: Konfiantzazko pertsona batekin harremanetan jartzen lagundu eta, behar izanez gero, lokaleko argiak piztu eta musika itzali daiteke egoera bideratzeko.
  • Frogak ez ezabatu: Salaketa jarri nahi izanez gero, garrantzitsua da biktimak arropa ez aldatzea eta ez garbitzea. 

Gogoan izan informazio guzti hau adierazitako Puntu Morean sakondu zein argitu dezakezuela!

Zenbait baliabide publiko eta telefono 24 orduz eskuragarri daudela ere gogoratzen da:

  • Larrialdiak (24h): 112
  • Ertzaintza Bergara (24h): 943 53 47 20
  • Hariberria (Sexu indarkeria - 24h): 900 840 188
  • Satevi (Indarkeria matxista - 24h): 900 840 111
  • Legazpiko Gizarte Zerbitzuak: 943 73 70 30
  • Urola Garaiko Berdintasun Arloa: 943 25 23 89 

Legazpiko Udalak herritar guztiei dei egiten die jaiak errespetuan, berdintasunean eta babesean gozatzeko.