Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Bertso Olariak Bertso Eskolaren 25. urteurren ospakizuna maiatzaren 24an

2025/05/16
Bertso Olariak Bertso Eskolaren 25. urteurren ospakizuna maiatzaren 24an

Mende laurdena beteko du aurten Legazpiko Bertso Olariak (LBO) bertso eskolak. Hori dela-eta hamaikatxo ekintza prestatu dituzte eskolako kideek. Maiatzaren 24an egingo duten bazkaria izango da bereziena, bertso eskolaren bueltako pertsona guztiak giro ederrean biltzea baita asmoa. Aitxurin izango da otordua, 14:30ean, eta oraindik bada izena emateko modua: https://labur.eus/sqvpoxmg helbideko galdetegia beteta ala zuzenean Aitxuri jatetxera joanda. Hilaren 19ra arte eman ahal izango da izena. Bazkalostean, bertso jarriak, bat-batekoak, musika eta mikro irekia izango dira, nahi duen ororentzat, eta Euskaraldiarekin bat egiteko aukera ere izango da.

Hala ere, ez da bertso eskolakoek antolatu duten ekintza bakarra. Otsailean, bertso afari arrakastatsua egin zuten Laubide jatetxean Nerea Elustondo eta Andoni Rekondo bertsolariek. Apirilaren 30ean, Santikutz jaietako pregoia eta sua botatzeko aukera izan zuten bertso eskolako kideek, eta 24ko bazkariaren ondotik, etorriko dira bestelako ekintzak ere.

Ekainaren 1ean, esaterako, Maialen Lujanbioren ‘RR_6 eRRe(AH)ala’ ikuskizuna izango da, Chillida Lantokian, 18:00etan. Uztailaren 3an, Katxalin egunean parte hartuko dute bertso eskolako kideek. Uztailaren 10ean, 19:00etan, bertso poteoa izango da, Uztakale egitarauaren barnean, Ane Beloki, Maialen Akizu eta Haira Aizpurua bertsolariekin. Eta Agorreko Santikutzetan ere ohiko saioa izango da kale zaharrean: Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar bertsolariek kantatuko dute, irailaren 12an, 20:00etan.

Udazkena ere oparo

Urriaren 19rako, igandea, ezohiko ekitaldia antolatu dute. Legazpiko Banda eta Maialen eta Amets Arzallus anai-arreba bertsolariak elkartuko dituzte Latxartegi aretoan. Bertsolariek bat-batean kantatuko dute bandaren erritmoan. Elustondo anai-arreba trikitilariek ere parte hartuko dute emanaldian. Doako ekitaldia izango da, baina sarrerak aurrez banatuko dira kultur etxean.

Azaroko Latxartegiko ohiko emanaldiak ere ez du hutsik egingo. Ordukoan, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Maialen Lujanbioren errimak entzuteko aukera izango da. Azaroaren 14an izango da hitzordua.