Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

“Aliziaren burutazio miresgarriak” aretoa, “Alizia herrialde miresgarrian” liburuan oinarritutako literatur aretoa ekarriko du Udal Liburutegiak Kultur Etxeko Areto Nagusira

2025/10/16
“Aliziaren burutazio miresgarriak” aretoa, “Alizia herrialde miresgarrian” liburuan oinarritutako literatur aretoa ekarriko du Udal Liburutegiak Kultur Etxeko Areto Nagusira

1968an argitaratu zen "Alizia herrialde miresgarrian" Lewis Carrollen haur literaturako klasikoaren euskarazko lehendabiziko bertsioa. Aurten liburua argitaratu zen 160. urteurrena betetzen da. Ondoren, beste hainbat bertsio plazaratu dira euskaraz, azkena 2015ean Manu Lopez Gasenik itzulia, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Lewis Carrollen Alizia neskatila errebeldea da, umore eta ironia franko erabiltzen dituena.

Jokoa da nagusi inolako asmo didaktikorik ez duen eleberrian. Abentura liburu bat da non fantasia eta zentzugabekeria konbinatzen diren hizkuntzarekin jolas eginez. Halaber, garai bakoitzaren moralak ezartzen dituen konbentzioen gaineko hausnarketa eragiten du. Ezaugarri horiek guztiak dira “Aliziaren burutazio miresgarriak” gure literatur aretoaren osagarriak.

Urriko hirugarren astean Legazpira etorriko da Olamendi Ikastetxeko eta Haztegi Ikastolako haurrekin saio gidatuak egiteko.

SAIO GIDATUAK

“Aliziaren burutazio miresgarriak” aretoan LH5 eta LH6 urte bitarteko taldeek (ikasgela bat) hartuko dute parte ordubete inguru irauten duten saioetan.

Dinamizatzaileak, sarrera gisa hainbat datu ematen dizkie liburuari buruz, autoreari buruz eta egingo den saioari buruz. Ondoren, aretoko gune desberdinetan “Alizia herrialde miresgarrian” liburuaren zenbait pasarteri lotutako jolasak egiten dituzte: Alizia amildegian behera doa, Alizia askari zoro batean dago edota Alizia kroket jokoa ikasten saiatzen ari da.

     Jokoaren bukaeran, aretoaren zuhaitz ondoan eseriko dira. Bertan, liburutegi txiki batean egongo dira Aliziaren ipuinari buruz egin diren argitalpen zoragarri ugari. Haurrek tarte bat pasa dezakete han liburuak ikusi eta aztertuz.  

HELBURUAK

•    “Alizia herrialde miresgarrian” liburu kanonikoa ezagutzera ematea.

•    Irakurtzeko zaletasuna sustatu.

•    Abenturaren ideiara hurbildu.

•    Umore linguistikoa landu.

•    Ahozko literaturaren erabilera sustatu.

•    Moralaren eta jendartean ezarrita ditugun arauen inguruko hausnarketa bideratu.

•    Arte heziketa sustatu: erakutsi diren liburu ilustratu ezberdinen (mundu mailako ilustratzailerik onenek ilustratu dute Alizia eta horien bilduma bat du aretoak) eta egin den eszenifikazioaren bidez.

•    Haur Literaturaren inguruko formazioa areagotu: Aliziaren inguruko zertzeladak eman, nazioartean istorio honi buruz egin diren hizkuntza ezberdinetako itzulpenak ikusi, baita euskarazkoak ere.

ARETOA

Galtzagorri elkarteak sortua da areto literario hau 2018an: Itziar Zubizarretak zuzendu eta sortu zituen areto berri honen saio gidatuak eta, aretoaren txokoak definitu ondoren, Aitziber Alonsok gauzatu zuen eszenifikazioa.