Aktibatu Legazpi egitasmoaren lehen hiruhilabeteko kanpaina martxan da

Legazpiko Udalak, Athlon enpresaren bitartez, Aktibatu Legazpi egitasmoaren baitan antolatutako urteko lehen hiruhilabeteko kanpaina aurkeztu du. Ekimen honen helburua Legazpiko herritarren artean bizi-ohitura aktibo eta osasuntsuak sustatzea da, modu erraz, doako eta pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokituta.
Aktibatu Legazpik urtean zehar hiru kanpaina nagusi garatuko ditu, bakoitza hiruhilabete batekoa: lehenengoa jarduera fisikoari eskainia, bigarrena elikadura osasuntsuari lotutakoa, eta hirugarrena gaixotasun kronikoen prebentzioari zuzendutakoa. Atzo aurkeztu zen lehen kanpaina hau urtarriletik martxora bitartean garatuko da, eta jarduera fisikoa du ardatz nagusi.
Hiruhilabete honetan hainbat jarduera zehatz antolatu dira. Alde batetik, martxoan zehar igerilekuan erronka ludiko bat egingo da, herritarrak modu atsegin eta parte-hartzailean mugitzera animatzeko. Bestetik, otsailaren 26an belaunaldien arteko dinamika bat antolatuko da, adin desberdinetako pertsonak elkartu, elkarrekin mugitu eta harremanak sendotzeko helburuarekin. Horrez gain, indarra lantzeko ariketen eskuorri bat sortu eta banatuko da martxoko azken astean, etxean edo egunerokoan ariketa errazak egiteko aukera emanez.
Era berean, otsaila eta martxoa bitartean, Garagune eta Meaztiko profesionalei formakuntza saioak eskainiko zaizkie, bertako erabiltzaileei jarduera fisikoa egiten laguntzeko tresnak eta baliabideak emateko.
Kanpainaren aurkezpenean Athloneko Mikel Aramendia izan da, egitasmoaren egitura eta jarduerak azaldu dituena, eta Josu Galilea Legazpiko Udaleko kirol zinegotziak ere parte hartu du. Galileak nabarmendu du Legazpiko Udalak jarduera fisikoa bultzatzeko apustu sendoa egiten ari dela, besteak beste Aktibatu Legazpi bezalako egitasmoen bidez, eta aurten ere “Gorputza mugitu, burua argitu” lelopean osasunaren aldeko ekimenei garrantzia eman zaiela etxe guztietara banatu diren egutegietan ere, herriko eremu eta kolektibo guztietara iristeko lanean jarraituz.
Legazpiko Udalak gogorarazi nahi du Aktibatu Legazpi zerbitzua doakoa dela, Legazpiko biztanle guztientzat irekia, eta helburu nagusia herritarren bizi-kalitatea hobetzea dela, bizi-ohitura aktibo eta osasuntsuen bidez.
