Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Aho batez onartu da Urretxu eta Legazpi arteko bidegorriaren segurtasuna hobetzeko akordioa

2025/07/23
Aho batez onartu da Urretxu eta Legazpi arteko bidegorriaren segurtasuna hobetzeko akordioa

Legazpiko Udalbatzak aho batez onartu du lankidetza-hitzarmen bat Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta SPRILUR sozietate publikoarekin. Hitzarmena Eric Galvez alkateak sinatuko du, Udalaren ordezkari gisa. Hitzarmenaren helburua Urretxu eta Legazpi lotzen dituen bizikleta eta oinezkoentzako bidearen trazadura hobetzea da, ibilbidearen tarte batean dagoen segurtasun-puntu kritiko bat behin betiko konponduz.

Egungo bidegorriaren tarte batek industrialdeko eremu bat zeharkatzen du, eta eremu horretan oinezkoak, txirrindulariak eta trafiko astuna elkartzen dira, batez ere Legazpiko CIE enpresaren inguruetan. Egoera horrek trafiko-gatazkak eta erabiltzaileentzako arriskuak sortzen ditu.

Adostutako konponbideak ibilbide berri bat proposatzen du, GI-2630 errepidearekiko paraleloan joango dena, baskularen eremuaren parean, eta SPRILURek Bellota–GSB eremuaren hirigintza-garapenean egokitu duen ibilbide-zatiarekin zuzenean lotuko dena. Horrela, erabat konpontzen da bide-tarte gatazkatsua, eta nabarmen hobetzen dira ibilbidearen jarraitutasuna eta segurtasuna.

Jarduketa horrek bide-segurtasuna indartzen du, bereziki sentikorra den eremu batean. Horrek era garbi erakusten du erakundeen arteko lankidetzari esker konponbiderik gabe denbora gehiegi zeraman arazo bat konpondu ahal izan dela.

Proiektuaren kostua 806.274,98 eurora iristen da (BEZa barne) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du osorik. Obrek bost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da, eta obra horien barruan egungo ibilbide-tartea ixtea eta eraistea sartzen da.

Bestalde, SPRILURek doan lagako ditu beharrezkoak diren lurrak. Udalak udal-jabari publikoan sartuko ditu lagatako lursailak, eta, era berean, prozesu hori amaitu ondoren, bidegorriari dagokion erabilera lagako dio Aldundiari, eta hura arduratuko da bide berria mantentzeaz 75 urtez, administrazio-emakida bidez.

Osoko bilkuraren onarpen honekin, Legazpiko Udalak mugikortasun seguruago, antolatuago eta jasangarriago baterako konpromisoan aurrera egiten du, teknikoki fidagarria den eta erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta eraikitako irtenbide bati esker.